Mundua -
Israel-Palestina gerra
Israelen eta Palestinaren artean piztutako gerrak nazioartea jo du
EBk eta AEBk gaitzetsi egin dute Gazatik egindako erasoa, eta Israelek erantzuteko duen eskubidea aldarrikatu dute. Egipto bitartekari lanak egiteko prest agertu da. NBEko Segurtasun Kontseilua premiaz bilduko da igande honetan.
agentziak | eitb media
Hamasek Israeli egindako erasoaren ondoren Palestinaren eta Israelen artean piztu den gerrak nazioartea kolpatu du eta eragile guztien erantzuna ekarri du.
Volter Türk Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetarako goi ordezkariak gaitzetsi egin du palestinarren erasoa, eta alde guztietako indarkeriaren amaiera eskatu du.
Gainera, Brasilek, NBEko Segurtasun Kontseiluko presidentzia duen heinean, "larrialdiko bilera" deitu du, eta igande honetan bertan bilduko da.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea" duela, airez egindako bonbardaketaren harira.
AEBko Gobernuak guztiz gaitzetsi du milizia palestinarren erasoa, eta jakinarazi du beharrezko material guztia emango diola Israeli erasoen aurrean defendatzeko.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Isaac Herzog estatuburuarekin hitz egin du telefonoz, eta gogor gaitzetsi du Hamasen "eraso terrorista".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea gerraren aurka agertu da, eta bizikidetzarako deia egin du. Volodimir Zelenskik, Ukrainatik, Hamasen erasoa gaitzetsi eta Israelek autodefentsarako duen eskubide "ukaezina" aldarrikatu du.
Egipto bitartekari garrantzitsua da Palestinaren eta Israelen artean, eta etengabeko harremanetan omen dago bi herrialdeekin egoera baretzeko asmoz.
Zentzu horretan, Errusiak indarkeria amaitzea eta negoziazio mahaira itzultzea eskatu du, eta Iranek eta Irakek babesa eman diote Hamasen erasoari. Qatarrek ere uste du Israel dela indarkeria "gorakadaren erantzule bakarra".