Mundua -

GRANADAKO GOI-BILERA

Migrazioaren gaia sartu gabe onartu dute Granadako Adierazpena, Poloniaren eta Hungariaren oposizioagatik

EBko estatu kideek ez dute lortu migrazioaren inguruko testu bateratu bat adostea eta, beraz, atal hori ez dute txertatu Granadako Adierazpena deituriko dokumentuan.

Sanchez, Michel eta Von der Leyen, gaur Granadan. Argazkia: EFE
Sanchez, Michel eta Von der Leyen, gaur Granadan.
Sanchez, Michel eta Von der Leyen, gaur Granadan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniak eta Hungariak aurrez esana zuten ez dutela babestuko migrazioari eta asiloari buruz Europar Batasunak adostutako ituna, eta euren jarrerari tinko eutsi diote gaur Granadan egin duten Europar Kontseiluaren Batzarrean. Horrenbestez, Granadako Adierazpena izenarekin bataiatu duten dokumentuan migrazioaren atala ez dute txertatu.

Nolanahi ere, mahai gainean izan dituzten gainerako gaiei buruz —Europaren zabaltzea eta autonomia estrategikoa— lortu dute ados jartzea, eta horien inguruko xehetasunak jasota geratu dira testuan.

Joan den asteazkenean, EBko 27 estatu kideek migrazio-politikaren erreforma desblokeatu zuten, "krisi-mekanismoa" delakoaren prozedura adostuta. Horrela, gobernuek eta Europako Parlamentuak negoziazioei berriro ekiteko azken oztopoa gainditu zuten, datorren urteko ekainean Migrazio Ituna ixteko.

Itun horrek aurrera egiteko ez da beharrezkoa herrialde guztiek aho batez ontzat ematea, gehiengoarekin nahikoa da. Hain zuzen, hori da Poloniak eta Hungariak behin eta berriz kritikatu dutena. Horien iritzian, migrazioari buruzko erabakiek kide guztien oniritzia behar dute.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa gogor mintzatu da EBren kontra, hainbat herritarren eskubideak "urratzen" ari dela iritzita.

Bere aldetik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan duenez, Brusela prest dago Europar Batasunean sartzeko "legezko ibilbideak" zabaldu eta "giza korridoreak" bermatzeko, baina, era berean, uste du irmo jokatu behar dela nazioarteko babesa jasotzeko eskubidea ez duten migratzaileak "itzultzeko" orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Brusela Europa Eguneko albisteak Albisteak Polonia albisteak Hungaria gaur Europako Parlamentua