Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Epaile batek iruzurra leporatu dio Trumpi, hainbat urtez bere enpresaren aktiboak puzteagatik
New Yorkeko Fiskaltzak aktiboak puztea egotzi dio AEBko presidente ohiari, maileguetan baldintza hobeak lortzeko. Auzi zibil hori albo batera utzita, beste lau aldiz inputatu dute.
AGENTZIAK | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak enegarren kolpea jaso du epaitegietatik, epaile batek iruzurra egotzi baitio bere enpresei lotutako auzian. New Yorkeko Fiskaltzak enpresa kontuak hainbat urtez puztea leporatu dio maileguetan baldintza hobeak lortzeko, besteak beste.
Arthur Engoron epaileak arrazoia eman dio Fiskaltzari, iruzurraren harira joan den astean eskatu ondoren Donald Trump, Donald Jr. eta Eric semeak, Trump Erakundea eta hainbat bazkide epaitzea.
Epaileak zehaztu duenez, Trumpek aktibo higiezinen inguruan gezurra esan zien aseguru-etxeei eta bankuei. New Yorkeko Fiskaltzaren arabera, Trumpek 3.600 milioi dolar (3.300 milioi euro inguru) puztu zuen bere ondare garbia finantza erakundeen aurrean.
Halaber, auzipetuek New Yorken dituzten negozio guztiak bertan behera uzteko agindu du magistratuak, eta hamar eguneko epea eman die disoluzioaz arduratuko diren hiru enpresa "independente" hautatu eta zeintzuk diren jakinarazteko.
Auzi zibil horri lotutako epaiketa datorren astean egingo dute. Ez da, ordea, Trumpek epaitegietan zabalik duen auzi bakarra. Dagoeneko, beste lau aldiz inputatu dute: Georgian 2020ko AEBko hauteskundeetako emaitzak iraultzen saiatzeagatik, Stormy Daniels auziagatik, sekretupeko dokumentuengatik eta Kapitolioaren aurkako erasoagatik.