Mundua -
Kaukaso
Erregai-biltegi baten leherketak dozenaka hildako eta ehunka zauritu utzi ditu Karabakh Garaian
Zauritu gehienak larri edo oso larri daude. Karabakh Garaia Azerbaijanek okupatu zuen joan den irailaren 19an abiatutako 24 orduko eraso militar batekin.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez 20 pertsona hil eta ia 300 zauritu dira Karabakh Garaian, erregai-biltegi batean izandako leherketaren ondorioz. Azerbaijango Armadak lurraldea hartu zuen, irailaren 19an hasitako 24 orduko operazio militar batean.
"Erregai-biltegi batean izandako leherketaren ondorioz, zaurituak ia 300 dira. Gehienak larri edo oso larri daude", adierazi du Gegham Stepanian Artsakheko Giza Eskubideen defendatzaileak X sare sozialean duen kontuan.
Gainera, lurraldearen osasun baliabideak "ez dira nahikoak" zauritu guztiei arreta mediko egokia eskaintzeko, eta laguntza "premiaz" bidaltzeko eskatu du.
Ordu batzuk lehenago, Azerbaijango ordezkaritza ofizial batek Karabakh Garaiko armeniar ordezkariekin hitzartu zuen laguntza humanitarioa ematea, osasun-zerbitzuak hedatzea eta lan-batzorde bat osatzea, oinarrizko zerbitzuak eta eskualdeko azpiegitura berreskuratzeko.
Karabakh Garaia 4.400 kilometro karratuko lurraldea da Hego Kaukason. Azerbaijanek okupatuta zuen irailaren 19an abiatutako 24 orduko eraso militar batean. Ordura arte, armeniar gehiengoa duen eremuak hiru hamarkada baino gehiago eman ditu armeniarren aldeko indarren kontrolpean, nahiz eta nazioarteak Azerbaijanen subiranotasuna aitortu.
Lurraldean 120.000 armeniar inguru bizi dira, eta horietako 13.000 baino gehiagok Armeniara ihes egin dute joan den astean su-etena sinatu ondoren, Armeniako Gobernuak gaur baieztatu duenez.
Armeniako lehen ministro Nikol Pashinianek igandean azaldu zuen Karabakh Garaia eskualdeko armeniar biztanleria desplazatzen ari dela, Azerbaijanek lurralde okupatuan "garbiketa etnikoa" egiteko arriskuaz ohartarazi aurretik.
Azerbaijango agintariek, ostera, adierazi dute pertsona horiek etxean geratu eta une oro beren eskubideak errespetatuko dituztela; hala ere, armeniarren aldeko talde armatuetako eta Armeniako Armadako kideek armak entregatu eta, adostutakoaren arabera, lurraldea utzi beharko dutela erantsi dute.