Mundua -

Ameriketako Estatu batuak

Hollywoodeko gidoilariek aurreakordioa lortu dute eta amaitzear egon liteke greba

Gidoilarien sindikatuaren arabera, ituna "apartekoa" da. Antza, negoziazioan gako izan diren gai guztiak jasotzen ditu akordioak, baina oraindik idatziz jasotzeko dute. Aktoreen grebak bere horretan dirau.

Gidoilariak protestan Disneyen estudioen aurrean. Argazkia: EFE
Gidoilariak protestan Disneyen estudioen aurrean.
Gidoilariak protestan Disneyen estudioen aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hollywoodeko gidoilarien sindikatuak (WGA, ingelesez) eta Telebista eta Zinema Ekoizleen Aliantzak (AMPTP) aurreakordioa erdietsi dute bart sektorearen lan hitzarmen berriaren inguruan. Honenbestez, 146 egunez egindako greba amaitzear egon liteke.

Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, itunak negoziazioan nagusi izan diren gai guztiak hartzen ditu, baina idatziz jasotzeko dute oraindik. Horren hitzetan, akordioa "aparta" da, eta kide guztiei eskerrak eman dizkie mobilizazioarekin lortutako oihartzuna dela eta. 

Hollywoodeko industria ia geldituta daukan grebaren azken egunak izan daitezke hauek. Dena dela, aktoreen lanuztea bere horretan dago

IndieWire egunkari digitalaren arabera, gidoilariak ez dira lanera itzuli behar baldintzak berritu arte, baina piketeak bertan behera geratu dira. Nolanahi ere, gidoilarien sindikatuak deia egin diete kideei aktoreen mobilizazioetara batzeko. 

Ia bost hilabete greban 

Sindikatuak pazientzia eskatu die gidoilariei. "Orain hitzemandakoa idatziz jasotzen dutela egiaztatu behar dugu. Xehetasunak partekatzeko irrikan gaude, baina oraindik ezin dugu", esan du batzorde negoziatzaileak, The Hollywood Reporter egunkariak jasotakoaren arabera.

Hain justu, batzorde negoziatzaile horrek onartu behar ditu baldintzak, eta ondoren, sindikatuaren batzordeek (AEBko ekialdean bat du eta mendebaldean beste bat). Bigarren bozketa hori asteartean izan liteke, eta baiezkoa nagusituz gero, greba noiz amaitu ebatziko dute. 

Maiatzaren 2an hasi zen gidoilarien greba, besteak beste, hobekuntza hauek eskatzeko: lan baldintza hobeak, adimen artifiziala arautzea eta ordain justua jasotzea, lanen bat berriro emanez gero.

Aktoreek uztailaren 14an abiatu zuten euren greba. Kasu horretan, gatazkak ez du aurrera egin azken hilabeteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Grebak Ekonomia Zinema estrenaldiak Eguneko albisteak Kultura Albisteak Lan gatazkak