Mundua -
Erreserba Federala
AEBk gelditu egin du interes tasen igoera
Erreserba Federalak bere horretan utzi ditu interes tasak, hau da, % 5,25 eta % 5,50 artean. Dena dela, urtea amaitu baino lehen beste igoera bat espero da.
EITB MEDIA
AEBko Erreserba Federalak eten egin du interes tasen igoera, iazko martxoan abiatutako goranzko joera geldituta. Hori bai, ez du argitu urtea bukatu baino lehen berriz ere ekingo ote dion goranzko bideari.
Horrenbestez, erakundeak egungo zenbakietan utzi ditu tasak, hots, % 5,25 eta % 5,5 artean, 2001 urtetik maila gorenean, alegia.
Jerome Powell banku zentraleko presidenteak azaldu duenez, "(igoeren) maila egokiari eutsi ote digun ebidentzia nahikoak jaso nahi ditugu (...) Aurrerapenak ikusi, eta eskertzen ditugu. Baina, badakizue, aurrerapen gehiago ikusi behar ditugu igoerekin amaitzeko".
Iazko martxotik ia etengabeko hazkundean izan dira interes tasak. Tarte honetan, salbuespen bakarra egin du Erreserba Federalak: 2023ko ekaina (oraingoan bezala, tasen igoera geldiarazi zuen), baina hurrengo hilabetean gora egin zuten berriro.
Erabakiak bileraz bilera hartuko dituztela nabarmendu du Powellek. Nolanahi ere, bankuko aurreikuspenak aintzat hartuta, urte amaitu baino lehen beste igoera bat espero da. Hurrengo bilerak urriaren 31n eta azaroaren 1ean, eta abenduaren 12-13an ditu Erreserba Federalak.