Mundua -
IRAN
Masha Aminiren aita atxilotu dute Iranen
Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Amjad Amini etxetik ateratzen ari zela atxilotu, eta ordu batzuk geroago, aske utzi dute. Masha Amini 22 urteko emakumea duela urtebete hil zen Teherango komisaria batean, beloa "gaizki jarrita" zuelako atxilotu ostean.
AGENTZIAK | EITB Media
Irango Guardia Iraultzaileak Masha Aminiren aita atxilotu du hainbat orduz larunbat honetan, eta ohartarazi diote ez dezatela oroitu bere alabaren heriotzaren lehen urteurrena. Gaur urtebete, Masha Amini 22 urteko emakume kurdua atxilotu zuten beloa "gaizki jarrita" eramateagatik, eta Irango Moralaren Poliziaren esku zegoela hil zen Teherango komisaria batean.
"Gaur goizean errepresio indarrek Amjad Amini atxilotu dute Saqez hiriko bere etxetik irteten ari zela, eta, ordu batzuk geroago, etxera itzuli da", Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez.
Teherango erregimenaren aurkako erakundearen arabera, Masha Aminiren familiaren etxebizitza militarrez inguratu dute haren oroimenezko zeremonia erlijiosoa egin ez dadin. Halaber, Amini lurperatuta dagoen hilerrian ere murrizketa zorrotzak ezarri dituzte Irango segurtasun indarrek.
Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen taldeak ere baieztatu du Amjad Amini atxilotu dutela eta hilerrian segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituztela.