Mundua -
AMERIKAKO ESTATU BATUAK
Kapitolioko erasoari buruzko Trumpen kontrako epaiketa martxoaren 4an izango da
2020ko hauteskundeen emaitza iraultzen saiatu zen ala ez argitzeko epaiketaren data iragarri du Tanya Chutkan epaileak.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump presidente ohiaren aurkako epaiketa 2024ko martxoaren 4an hasiko dela iragarri du Tanya S. Chutkan epaile estatubatuarrak, Washingtonen egin duen agerraldi batean.
2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari egindako erasoarekin amaitu zen prozesua aztertuko dute eta 2020ko hauteskundeak bertan behera uzten saiatu zen edo ez argituko du epaiketa honek.
Aukeratutako data superasteartea baino egun bat lehenago da, Estatu Batuetan daukaten primario nazionala; izan ere, hamar estatuk baino gehiagok, errepublikarrek zein demokratek, barne prozesuak abiatuko dituzte aldi berean, hautagaiak aukeratzeko.
Agintari ohiari lau kargu leporatzen dizkiote Washington DCn: AEBri iruzur egiteko konspirazioa, prozedura ofizial bat oztopatzeko konspirazioa, prozedura ofizial bat oztopatzen saiatzea eta eskubideen aurkako konspirazioa.
Kargu horietako lehenagatik bost urteko gehienezko kartzela zigorra ezar dakioke, bigarrenagatik eta hirugarrenagatik hogei urteko espetxe zigorra, hurrenez hurren, eta laugarrenagatik hamar urtekoa.
Astelehen honetako iragarpena presidente ohiaren eta Georgiako beste 18 inputaturen aurkako karguen irakurketa irailaren 6an izango dela jakin eta minutu batzuetara iritsi da. 19ek une horretan izango dute beren burua erruduntzat edo ez erruduntzat jotzeko aukera.
Trumpek errugabetzat jo du bere burua leporatzen dizkioten beste hiru karguetan: 2016ko kanpainan Stormy Daniels aktore pornoari bere "affaire"-a isilarazteko egindako ordainketa irregularrak, boterea uztean Etxe Zuritik legez kanpo sailkatutako paperak eraman izana eta Kapitolioari eraso egin izana.
Stormy Daniels aktore pornoari egindako ordainketa irregularrengatik Trumpen aurkako prozesua 2024ko martxoaren 25ean hasiko da, New Yorken.
Azkenik, Floridan, Etxe Zuritik Mar-a-Lagoko bere etxera eraman zituen paper sailkatuengatik epaiketa 2024ko maiatzaren 20rako dago programatuta, hauteskunde presidentzialetarako 6 hilabete pasatxo faltako direnean.