Mundua -
errusia
BRICS taldea handitu egingo da: Iran, Saudi Arabia, Arabiar Emirerrak, Argentina, Egipto eta Etiopia
Vladimir Putin Errusiako presidenteak agerraldia egin du goi-bileran, bideokonferentziaz, baina ez du aipamenik egin Prigozhinen heriotzari buruz.
eitb media
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak iragarri du BRICS taldeak beste sei kide izango duela datorren urtetik aurrera: Iran, Saudi Arabia, Arabiar Emirerrak, Argentina, Egipto eta Etiopia.
Ramaphosaren hitzetan, herrialde gehiago agertu dira taldean sartzeko prest. Horrenbestez, hurrengo goi-bilerara begira, balizko hautagaien zerrenda egitea eskatu diete Atzerri ministroei.
Aipatutako sei herrialdeak 2024ko urtarrilaren 1etik izango dira BRICS taldeko kide. Elkarte hori 2006an sortu zen, eta Brasil, Errusia, India eta Txina izan ziren lehen kideak.
Putin: Prigozhini buruzko aipamenik ez
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak normaltasun osoz jarraitu gaur agenda ofizialarekin, Wagner taldeko bere aliatu ohia, Yevgeni Prigozhin, hil duen hegazkin-istripua gertatuko ez balitz bezala.
Putin bideo dei bidez agertu da BRICSeko buruzagien goi-bileran eta gidoian prestatuta zuena irakurri besterik ez du egin.
Errusiako presidentea Hego Afrikarko bilerara joan ez den BRICSeko buruzagi bakarra izan da; izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak (TPI) Ukrainan ustez egindako gerra krimenak leporatu zizkion.
Errusiako Gobernuak ez du ofizialki ezer esan Prigozhinen heriotzaren inguruan. Sergei Lavrov Atzerri ministroa BRICSen goi-bileran izan da, eta horrek ere gaiari buruzko adierazpenak egitea saihestu du, kazetarien galderei iskin eginez.