Mundua -
Errusia
Wagner taldeko burua hil da bere hegazkina Errusian erorita
Hegazkina Moskutik 200 kilometrora erori da, baina ez dago argi zer dela eta erori den. Yevgeny Prigozhinek aurre egin zion Putini ekainean, porrot egin zuen matxinada militar bat abiatuz.
EITB Media
Hamar pertsona zeramatzan hegazkin pribatu bat erori da Errusian, Tver eskualdean. Errusiako hedabideen arabera, bidaiarien zerrendan Yevgeny Prigozhin Wagner mertzenario-taldeko burua zegoen.
Antza denez, hegazkinean zihoazen 10 pertsonak hil dira (orain arte 8 gorpu aurkitu dituzte). Dena dela, hilotzak kiskalita daude, eta, horrenbestez, DNA proba egin beharko diete identifikatzeko.
Wagner taldearekin lotuta ei dagoen Telegrameko kanal batek baieztatu egin du Prigozhinen heriotza: "Yevgeny Viktorovitx Prigozhin, Wagner taldeko buru eta errusiar heroia, hil egin da Errusiako traidoreen ekintzen ondorioz".
Errusiako Abiazio Zibilak ere baieztatu du Prigozhin hegazkinean zihoala.
Wagner taldeko buruak matxinada militarra abiatu zuen ekainean Kremlinen aurka, eta tropak Moskura bidean jarri zituen. Matxinada saiakera horretan, Errusiako hegoaldeko hiri handienetako bat, Rostov Don, indarrez hartu zuen. Azkenean, baina, onartu egin zuen atzera egitea, Aliaksandr Lukaxenka Bielorrusiako presidenteak bitartekari-lanak egin ostean.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak traizioa egitea egotzi zion Prigozhini hasieran, baina ondoren harrera egin zion Kremlinen.
Harrezkero, misterioa izan da Wagner taldeko burua non izan den, eta asteon, adibidez, Afrikan zegoela iradokitzen zuen bideo bat publikatu du.
Erreakzioak
Joe Biden AEBko presidenteak esan du istripuak ez duela harritu. Adierazpen horiekin batera, Vladimir Putin Errusiako presidentea aipatu du, istripuarekin zerikusia duela iradokiz, baina ez du zuzenean salatu: "Errusian gertatzen diren gauzen artean, gutxitan ez dago Putin atzean, baina ez daukat nahikoa informazio erantzuna jakiteko".
Ukrainak ildo beretik jo du Vladimir Putin Errusiako presidenteak eliteei "seinale bat" bidali nahi izan diela esanez, datorren urteko hauteskundeetarako aurkaria "ezabatuta".
Mikhailo Podolyak Ukrainako Presidentetzaren aholkulariak duela bi hilabete Prighozinek Putin desafiatu izanarekin lotu du istripua, honakoa esanez: "Argi dago Putinek ez duela inor barkatzen". "Kontuz! Desleialtasunak heriotza dakar", ohartarazi du Podolyakek.