Mundua -
Biolentzia matxista
Kolonbiako oihanean 40 egunez bizirik iraun zuten haurren aita atxilotu dute sexu-abusuagatik
Fiskaltza Manuel Ranoque ikertzen ari da, 13 urteko alabaordeari ustez abusuak egiteagatik.
Agentziak | EITB MEDIA
Kolonbiako Poliziak Manuel Ranoque atxilotu du ostiral honetan, fiskalek sexu-abusu karguak aurkeztu ostean haren kontra. Ohar baten bidez, Ranoqueri 13 urteko alabaordeari sexu-abusuak egitea leporatu diote fiskalek.
Joan den maiatzean Kolonbiako eskualde amazonikoan hegazkin istripu batetik bizirik atera ziren lau haurretatik biren aita da Ranoque. Adingabeak hegazkinaren istripuaren ondoren desagertu ziren; ezbeharraren ondorioz, ama eta beste bi heldu hil ziren.
Adingabeak, 1 eta 13 urte artekoak, ospitaleratuta egon ziren hilabete baino gehiagoz, istripua gertatu eta 40 egunera erreskatatu zituztenetik. Ordutik, Kolonbiako Familia Ongizateko Institutuaren zaintzapean egon dira, eta fiskalen arabera, bertan susmatu zuten ustezko abusua.