Gizartea -

FRANTZIA

Hamaika hildako Frantziako aterpetxe batean piztutako sutean, tartean desgaitasunen bat dutenak 

Sua goizaldean piztu da, Wintzenheim udalerrian (Rhin Garaia), eta desgaitasunen bat duten pertsona talde bat zegoen bertan ostatu hartuta. 17 pertsonak ihes egin ahal izan dute, baina horietako batek zauri oso larriak ditu.

Frantziako aterpetxe batean piztutako sutea. Reutersek bidalitako bideo batetik ateratako irudia
Frantziako aterpetxe batean piztutako sutea
Frantziako aterpetxe batean piztutako sutea. Reutersek bidalitako bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian, hamaika pertsona hil dira bart Wintzenheim udalerriko aterpetxe batean izandako sutean.

Suhiltzaileek hamaika gorpu aurkitu dituzte aterpetxeko hondakin kiskalien artean, iturri judizialek baieztatu dutenez. Beste 17 pertsonak, ostera, ihes egin ahal izan dute, baina horietako batek zauri oso larriak ditu.

Nathalie Kielwasser Colmar herriko fiskalordeak egin du biktimen balantzea, FranceInfo telebista kate publikoak jakitera eman duenez.

Desgaitasunen bat duten Nancyko pertsona talde bat zegoen aipaturiko aterpetxean, begirale batzuekin batera.

Rhin Garaiko Prefekturaren arabera, garrak azkar zabaldu dira, eta eraikinaren 500 metro karratuetako 300 kiskali dira.

Sutea zerk eragin duen argitzeko ikerketa abiatu dute, baina hildakoak eraikinaren bigarren solairuan zeuden, eta batzuek baino ez dute garaiz ihes egitea lortu. Beheko solairukoak, berriz, bizirik atera dira.

Sutea 06:30ean piztu da, Rhin Garaia departamenduko Wintzenheim udalerrian. Suhiltzaileak ez ezik, osasun langileak eta jendarmeak ere bertaratu dira. Ondoren, droneak zabaldu dituzte, biktimak aurkitzen laguntzeko.

Minusbaliotasun psikikoak dituzten hainbat gaztek osatzen zuten taldea, eta oporretan zeuden bertan.

Aterpetxea ITEP sare publikoaren barruan dago, eta desgaitasunen bat duten pertsonak hartzen dituzte zentro horietan.

Bertan, senitartekoei eta bizirik atera direnei laguntza psikologikoa emateko gune bat ere jarri dute.

Elisabeth Borne lehen ministroa eta Aurore Berge Elkartasun eta Familia ministroa Wintzenheimera joan dira, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak doluminak eman ditu sare sozialetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak bideoak Frantzia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak