Mundua -
ESTATU KOLPEA
Nigerko junta militarrak uko egin dio Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoarekin bilera bat egiteari
Junta militarraren arabera, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak (ECOWAS) gidatutako misioa "alferrikakoa" da. ECOWASeko estatuburuek batzarra egingo dute ostegunean hurrengo pausoak erabakitzeko, esku-hartze militarra baztertu gabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken orduetan, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoa (ingelesez, Economic Community of West African States, ECOWAS), Afrikako Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea (NBE) Nigerko junta militarrarekin harremanetan jarri dira, baina uztailaren 26ko estatu-kolpearen ondoren herrialdea agintzen duen batzordeak uko egin dio horiekin biltzeari.
"Misioa bertan behera geratu da Nigerko agintari militarrak goizaldean jakinarazi baitu ezin ziola harrera egin hiruko ordezkaritzari", adierazi du ECOWAS erakundeak gauean zabaldutako mezu batean. Nigerko egoerari "irtenbide baketsua" emateko ahaleginetako bat zela gaineratu du.
Nigerko militarren bozeramaile batek EFE albiste-agentziari adierazi dionez, ECOWASen misioa "alferrikakoa" da erakunde horrek gatazkaren inguruan duen jarrera ezaguna baita. Halaber, bere kontrako zigorrak eta balizko esku-hartze militarra kritikatu ditu.
ECOWAS erakundeak elkarrizketaren bidea lehenetsi badu ere, ez du baztertu Nigerren esku-hartze militarra egitea.
Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoko estatuburuek batzarra egingo dute ostegun honetan hurrengo pausoak erabakitzeko, esku-hartze militarra baztertu gabe.
Nigeria, Benin, Boli Kosta eta Senegal esku-hartze militarraren aldekoak dira; aitzitik, beste muturrean daude Mali eta Burkina Faso. Bi herrialde horietan, junta militarrak daude agintean. Nigerko junta militarrak ohartarazi duenez, indarra erabiltzea erabakitzen badute, "berehala" erantzungo du.