Mundua -
HEGO KOREA
Gutxienez 12 pertsona zauritu dira, hiru larri, gizon batek Seulen arma zuri batekin egindako erasoan
Merkataritza-gune baten ondoan izan da erasoa, eta bertako Poliziaren arabera, bereizi gabe eginikoa izan da. Uztailaren 21ean ere, antzeko beste gertakari bat izan zen Seul hego-ekialdean. Orduko hartan, gizonezko batek kale erdian hainbat oinezko sastakatu zituen, eta horietako bat hil egin zen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 12 pertsona zauritu dira gaur Seul hegoaldean (Hego Korea) izan den erasoan. Gizonezko batek arma zuri batekin kalean zeuden oinezkoak erasotu ditu bereizi gabe. Zaurituetako hiru oso larri daude.
Merkataritza-gune baten eta Seohyeongo metro-geltokiaren alboan izan da erasoa, egun argiz, han 18:00ak zirenean (Euskal Herrian, 09:00ak). Yonhap berri-agentziak zabaldu duenez, larrialdi zerbitzuek abisua jaso ondoren, segurtasun indarrak erasoaren tokira bertaratu dira eta handik gertu atxilotu dute ustezko erasotzailea, ihes egiten saiatu den arren.
Uztailaren 21ean ere, antzeko beste gertakari bat izan zen Seul hego-ekialdean. Orduko hartan, gizonezko batek kale erdian hainbat oinezko sastakatu zituen, eta horietako bat hil egin zen.