Mundua -

AEB

Trump auzipetu dute 2020ko hauteskundeen emaitzak aldatzen saiatzeagatik, lau kargu egotzita

Presidente errepublikanoa bihar agertu beharko da epailearen aurrera, karguok ofizialki jakinarazi diezaizkioten. Honakoak dira: AEBri iruzur egiteko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzeko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzen saiatzea eta eskubideen aurkako konspirazioa.

Trump, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Trump, artxiboko argazki batean.
Trump, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiari lau delitu egotzi dizkiote 2020ko hauteskundeen emaitzak aldatzen saiatzeagatik (Joe Biden demokrata izan zen irabazlea). Trumpi bihar, ostegunarekin, jakinaraziko dizkiote ofizialki karguak, Washingtongo epaile baten ahotik. 

Washingtongo epaimahai batek honako karguak leporatu dizkio: AEBri iruzur egiteko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzeko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzen saiatzea eta eskubideen aurkako konspirazioa.

"Presidentetzarako hauteskundeen emaitza legitimoak aldatzea zen konspirazioaren helburua, eta, horretarako, nahita erabili zituen iruzurra hauspotzeko aldarri faltsuak, botoak bildu, zenbatu eta egiaztatzeko gobernu federalaren lana oztopatzeko", irakur daiteke 45 orrialdeko akusazio idatzian. 

Era berean, 2020ko hauteskunde horietan iruzurra egon zela zabaltzeko eta bere garaipena aldarrikatzeko "gezurrak" esatea leporatu dio. "Adierazpenak faltsuak ziren, eta akusatuak bazekien faltsuak zirela", gaineratu dute. 

Dokumentuaren arabera, emaitzak legez inpugnatzeko eginahalak egin zituen Trumpek, kale egin zuten arren, eta botoak ez zenbatzeko "legez kanpoko metodoak" baliatzea egotzi diote.

Horrez gain, Trumpek "hauteskunde iruzurraren inguruko adierazpen faltsuak egin zituen behin eta berriz, presidenteordeak (Mike Pence) emaitzak alda zitzakeela-eta itxaropen faltsuak zabaldu zituen, eta jarraitzaileak Kapitolioa hartzera bultzatu zituen". 

Kapitolioko oldarraldia (hauteskundeak izan eta bi hilabetera, 2021eko urtarrilaren 6an) aurrekaririk gabeko gertakaria izan zela esan du Jack Smith fiskalak, eta Trumpen "gezurrek" eragin zutela erasoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden