Mundua -
ESTATU-KOLPEA NIGERREN
Afrikako Batasunak 15 egun eman dizkie Nigeriako matxinatuei estatu kolpea bertan behera uzteko
Afrikako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek ezohiko goi-bilera egingo dute igandean Nigerian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Afrikako Batasunak 15 eguneko ultimatuma eman dio Nigerreko Presidentetzako Guardiako buru eta bere burua herrialdeko buruzagi izendatu duen Omar Abdourahmane Tchiani jeneralari, joan den asteazkenean eman zuen estatu-kolpea bertan behera uzteko eta herrialdeko ordena konstituzionala berrezartzeko.
Joan den ostiralean izandako larrialdiko bileraren ostean, erakundeak "baldintzarik gabe" euren barrakoietara itzultzeko eta Mohamed Bazoum presidentea "berehala" askatzeko eskatu die matxinatutako militarrei.
Afrikako Batasunak ohartarazi du, gainera, bere Segurtasun Kontseiluak kolpisten aurka "beharrezko neurri guztiak" hartuko dituela, "besteak beste, zigor-izaerakoak", Bazoumen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzen ez baditu, preso politikoa den aldetik.
Afrikako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek ezohiko goi-bilera egingo dute igandean Abuyan, Nigeriako hiriburuan, gai hori aztertzeko.