Mundua -
ESTATU-KOLPEA NIGERREN
Nigerren militarrek presidentea boteretik kendu dute "kudeaketa txarragatik" eta mugak itxi dituzte
Matxinatutako zenbait soldaduk bideo batean adierazi dutenez, etxeratze-agindua ezarri dute eta herrialdeko mugak itxi dituzte. Presidentearen Jauregian atxikita dago presidentea, baina sare sozialen bidez deia egin die herritarrei lorpen demokratikoak babesteko.
EITB MEDIA
Nigerren estatu-kolpea eman dute militarrek. Soldadu matxinatuek Mohamed Bazoum presidentea boteretik kendu dutela adierazi dute "segurtasun egoeraren etengabeko degradazioaren eta kudeaketa ekonomiko eta sozial txarraren ostean". Etxeratze-agindua ezarri dute eta herrialdeko mugak itxi dituztela iragarri dute telebista bidez zabaldu duten bideo batekin.
Bart iluntzean egin dute agerraldia matxinatutako zenbait soldatuk Estatuaren telebistan. Presidentea boteretik kendu dutela eta Gobernuari amaiera eman diotela iragarri dute, herrialde afrikarraren segurtasuna hondatu dela argudiatuta.
Herria Babesteko Kontseilu Nazionala modura aurkeztu dira eta adierazi dute erakunde guztiak bertan behera geratu direla eta segurtasun indarrak egoera kudeatzen ari direla. Halaber, kanpoko herrialdeei ez oztopatzeko deia egin diete.
Presidentearen Jauregian atxikita dago presidentea baina bere sare sozialen bidez deia egin die herritarrei lorpen demokratikoak babesteko: "Hainbesteko ahaleginarekin lortutako lorpenak babestuko dira. Demokraziari eta askatasunari atxikita dauden nigeriar guztiek hori zainduko dute", esan du.
Kalean, herritarrak presidentearen askatasuna eskatzen dute; izan ere, adierazi dute hautestontzietan Bazoum presidentea aukeratu dutela bost urterako.
Antony Blinken, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak Nigerren egoera eta bilakaera gertutik jarraitzen ari direla adierazi du eta Estatu Batuek demokratikoki aukeratutako presidentea babestuko duela.
Hau ez da Mohamed Bazoumek jasaten duen lehendabiziko kolpe-militar saiakera. 2021eko martxoaren 31n, Nigeriako agintariek bere aurkako kolpe militar saio bat bertan behera utzi zuten, inbestidura baino bi egun lehenago.