Mundua -

GERRA UKRAINIAN

AEBk barreiatze-bonbak bidaliko ditu Ukrainara, kontraerasorako

NATOk aliatuen esku utzi du Ukrainari munizio hori emateko erabakia. Espainia, adibidez, bidalketaren aurka agertu da.

Ukrainako soldaduak. Argazkia: EFE.
Ukrainako soldaduak
Ukrainako soldaduak. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk baieztatu du barreiatze-bonbak bidaliko dituela Ukrainara, nahiz eta Alemaniak eta Human Rights Watch (HWR) bezalako erakundeek horren aurka agertu.

Joe Bidenen arabera, erabakia "zaila" baina beharrezkoa izan da, "ukrainarrak muniziorik gabe geratzen ari baitira".

Iragarpenak harridura eta eztabaida sortu du. Lehergailu hori debekatuta dago ehun herrialde baino gehiagotan, eta Nazio Batuen abisuak urratzen ditu. Hala ere, Ukrainako gerran erabili dute jada bai tropa errusiarrek bai ukrainarrek, eta zibilak hil eta zauri larriak eragin dizkie bizirik atera direnei.

Mota horretako bonbak askatzen dituzten azpijaurtigaien kopuru handi batek ez du eztanda egiten, eta, beraz, lurrean lurperatuta gera daitezke eta gatazka bat amaitu eta askoz geroago eztanda egin.

Iragarpenean, AEBko agintariek azpimarratu dute % 2,35etik beherako hutsegite-tasa duten lehergailuak soilik bidaliko dituztela Ukrainara. AEBetako arduradunen arabera, Errusiak inbasioa hasi zenetik erabiltzen dituen barreiatze-bonbek % 30 eta % 40 arteko akats tasak dituzte.

Erreakzioak

NATOko idazkari nagusiak, Jens Stoltenbergek, aliatuen esku utzi du Ukrainari munizio hori emateko erabakia, NATOren barruan 2008ko Barreaitze Munizioei buruzko Konbentzioari buruzko jarrera bateraturik ez dagoela gogorarazi ondoren. Hitzarmen horrek debekatu egiten du armamentu mota hori erabiltzea, garatzea, ekoiztea, eskuratzea, biltegiratzea eta transferitzea.

"Aliatu batzuek hitzarmena sinatu dute, eta beste batzuek ez. Banakako erabakia da laguntza militar hori Ukrainari eman ala ez erabakitzea. Gobernuen kontua da, eta ez aliantzarena", adierazi du NATOko buruzagi politikoak.

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak esan du ez datorrela bat Ameriketako Estatu Batuen erabakiarekin.

Errusiak AEBn duen enbaxadore Anatoli Antonoven ustez, Ukrainara barreiatze-bonbak bidaltzeko erabakia "gizateria mundu gerra berri batera hurbiltzen duen" beste probokazio estatubatuar bat da.

Errusiatik salatu dutenez, gainera, AEBk "ez ditu aintzat hartu bere aliatuen iritzi negatiboak barreiatze-munizioen erabilera indiskriminatuaren arriskuei buruz", eta "ez ikusiarena egin du zibilen bajen aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak NATO bideoak Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden azken albisteak Errusia-Ukraina gerra