Mundua -
Istiluak Frantzian
Poliziaren tiro baten ondorioz Frantzian hildako gaztea larunbat honetan lurperatuko dute
Gertakariaren irudiek, lekukoek grabatuta, haserre bizia piztu dute herrialdean, eta horrek istiluak eragin ditu, batez ere hiri handietako herri-auzoetan eta Parisko metropoli-gerrikoan. Gutxienez 994 pertsona atxilotu dituzte bart izandako istiluetan.
Agentziak | EITB MEDIA
Polizia-kontrol batetik ihes egiten saiatu zenean, polizia batek tiro egin eta haren ondorioz hil zen Nahel M. gaztea, eta larunbat honetan lurperatuko dute Nanterren, Paris kanpoaldean. Gertakariok istilu larriak eragin ditu Frantzia osoan, poliziaren bortizkeria salatzeko.
"Familia honi laguntzen jarraitu behar dugu, bere semea lurperatuko duen ama honi", esan zuen ostiralean Patrick Jarry Nanterreko alkateak, Élisabeth Borne lehen ministroarekin Parisen izandako bilera baten atarian.
Jarryk onartu zuen "bidegabekeria" sentimendua nagusi dela bere hiriko leku askotan eta beste batzuetan, ez bakarrik 17 urteko gaztearen heriotzagatik, baita indarrean dauden desberdintasun sozioekonomikoengatik ere.
Baina, era berean, herritarren "tristura" eta "atsekabea" azpimarratu zituen, duela hiru egunetik hona gertatu diren "indarkeria eta hondamendiengatik".
Larrialdi egoera deklaratu behar ote zen galdetuta, alkateak zuhur hitz egin zuen eta "indarkeria espiral honetatik elkarrekin ateratzeko" eta "deseskalatze logikan" sartzeko eskatu zuen.
Istiluak Frantzian
Gazte hil zutenetik Frantzian izandako istiluen laugarren gaua izan da bart, eta gutxienez 994 pertsona atxilotu dituzte, Frantziako Barne Ministerioak jakitera eman duenez (07:30ra arteko behin-behineko zenbaketaren arabera). Gainera, 79 polizia ere zauritu dituzte.
Ostiral gau honetan Gobernuak 45.000 polizia jarri ditu kalean, Jendarmeriaren blindatu arinak barne hartzen duen dispositibo indartuarekin.
Aurreko gauean, 875 atxiloketa izan ziren, eta ia 300 polizia zauritu ziren, baina bat ere ez larri, Gobernuko iturriek zabaldu dutenez.
"Erantzukizuna"
Ostiral goizean krisi bilera egin zuten, Emmanuel Macron presidentea buru zela. Ondoren, "erantzukizuna" eskatu zien presidenteak gurasoei, seme-alabek istiluetan parte har ez dezaten.
Macronek dei hori justifikatu zuen, iskanbiletan atxilotutako pertsonen herena adingabeak direla nabarmenduz, eta sare sozialak kudeatzen dituzten plataformei ere erantzukizun-partea beren gain hartzeko eskatu zien.