Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak terrorismoaren aurkako operazio-erregimena kendu du, Wagnerrekin izandako krisiaren ondoren
Kremlinek amaitutzat eman du Yevgeni Prigozhin oligarka buru duen talde paramilitarra matxinatu ostean Mosku hirian eta eskualdean terrorismoaren aurka hasitako operazioari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako agintariek gaur iragarri dutenez, terrorismoaren aurkako operazioaren erregimena bertan behera utzi dute Mosku hiriburuan eta izen bereko eskualdean, larunbatean Wagner Taldea matxinatu ostean krisia izan ondoren, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB, lehengo KGB) ohar baten bidez jakinarazi duenez.
"Mosku hirirako eta Mosku eskualderako Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalaren Departamentuko buruak erabaki du 2023ko ekainaren 26tik terrorismoaren aurkako operazioaren legezko erregimena bertan behera uztea Mosku hirian eta eskualdean", adierazi du erakundeak argitaratutako oharrean.
Izvestia egunkari errusiarrak jaso duenez, "herritarren bizitza, osasuna, jabetza eta legez babestutako beste interes batzuen aurkako mehatxurik ez dagoelako" hartu dute erabakia.
Larunbatean ezarri zuten indarrean neurria, Prigozhin buru zuen matxinadaren aurrean. Horren ostean, Sergei Sobianin Moskuko alkateak iragarri zuen gaurko (astelehena) eguna jaieguna izango zela, eta herritarrei eskatu zien ahal den neurrian joan-etorriak saihesteko, egoera "zaila" ikusita.
Matxinada hasi eta ordu batzuetara, Wagner Taldearen unitateak Moskurantz abiatu ondoren, Kremlinek akordio bat iragarri zuen: Prigozhin Bielorrusiara joatea adostu zuten. Gainera, akordioaren arabera, traizioa egotzita hari leporatutako karguak bertan behera utzi dituzte, eta mertzenarioen taldeko kideak beren ekintzengatik ez auzipetzeko bermeak eman dituzte.
Errusiako Presidentetzak, gainera, Aliaksandr Lukaxenka Bielorrusiako presidentearen bitartekaritza nabarmendu du.
Lukaxenkak esku hartu ostean, tirabirak murrizte aldera, bere posizioak (Rostov Don hiriaren erdigunetik atzera egitea barne) uzteko agindua eman zien Prigozhinek bere taldeko kideei.