Mundua -

Urpeko ontzi desagertua

'Titan' itsaspekoaren bost tripulatzaileak hiltzat jo dituzte

Ameriketako Estatu Batuetako kostazainek baieztatu dutenez, Titanic hondoratutako ontzitik gertu urrutiko kontrol bidez operatutako ibilgailu batek desagertutako itsaspekoaren hondakinak aurkitu ditu.

'Titan' itsaspekoa. Argazkia: EFE / Ocean Gate
'Titan' itsaspekoa. Argazkia: EFE / Ocean Gate
Hauek dira Titan itsaspekoan hil diren bost tripulatzaileak

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Titan itsaspekoaren jabe den OceanGate Expeditions enpresak, ohar baten bidez, hiltzat jo ditu desagertutako ontziaren bost tripulatzaileak: "Urpeko ontziaren tripulazioa hilda dagoela uste dugu". Ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako kostazainek gauza bera egin dute.

Gainera, AEBko kostazainek gaur baieztatu dutenez, urrutiko kontrol bidez operatutako ibilgailu batek desagertutako itsaspekoaren hondakinak aurkitu ditu Titanic ontzitik gertu.

John Mauger kostazainen kontralmiranteak azaldu duenez, urrutiko kontrol bidez (ROV) kontrolatutako ibilgailu batek aurkitu ditu aparatuaren hondakinak, Horizon Arctic ontzi kanadarrak zuzenduta, eta adituen aburuz, "leherketa katastrofiko batekin bat datoz", kanpoaldeko presio handiak eragindako haustura eta hondoratze batekin.

Paul Hanken itsaspeko adituaren arabera, "bost pieza nagusi" aurkitu dituzte, eta "Titanen hondakinak" direla ondorioztatu dute. Topatu den lehenengo gauza "sudurreko konoa izan da, presio-gelatik kanpo zegoena". "Presio-gelaren aurrealdeko kanpaia aurkitu dugu ondoren", gaineratu du.

Titanic ontziaren hondakinak ikustera turistak eraman ohi dituen itsaspekoa igandean urperatu zen, bost lagun barruan zituela. Urperatu eta bi ordura eman zuen konpainiak desagertzearen berri. Shahzada Dawood enpresari pakistandarrak eta Suleman semeak, Hamish Harding esploratzaile britainiarrak, Paul-Henry Nargeolet esploratzaile frantziarrak eta Stockton Rush OceanGate Expeditions enpresako kontseilari delegatuak osatzen zuten tripulazioa.

Ameriketako Estatu Batuetako kostazainek astelehenean abiatu zuten bilaketa operazioa Ternuako uretan, eta AEBko, Kanadako, Frantziako eta Erresuma Batuko baliabideak aritu dira bertan parte hartzen, hegazkin, itsasontzi eta itsaspeko droneak erabiliz.

Kanadako eta Frantziako bi ontzi gehiago iritsi dira azken orduotan Atlantikora, Titan urpeko ontziaren bila, eta AEBko kostazainek ez dute amore eman, nahiz eta agentziak berak oxigenoaren amaiera kalkulatzeko eman zuen epea bete izan.

Adituen arabera, gaurko 07:08ean (13:08 Euskal Herrian) geratu dira Titan ontzian doazen bost pertsonak oxigenorik gabe. Itsaspekoa igandean desagertu zen, eta 96 orduko biziraupen-marjina eman zieten bertan zihoazenei.

Pista bakarra itsaspeko zarata batzuk ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Naufragioak Kanada