Mundua -

AEB

Bere aurkako 37 kargu federalen "erruduna ez" dela adierazi du Trumpek epailearen aurrean

Trumpek agerraldia egin du gaur Jonathan Goodman epaile federalaren aurrean, eta Mar-a-Lagon, Floridako hegoaldean, agiri sekretuak gordetzeagatik epaimahaiak inputatu zizkion 37 karguak jakinarazi dizkio.

Donald Trumpen jarraitzaileak Miamin. Argazkia: EFE
Donald Trumpen jarraitzaileak Miamin.
Epaitegiaren atarian Trumpen zale mordoa bildu da hari babesa emateko

01:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente ohiak Miamiko auzitegi federal batean bere aurka aurkeztutako kargu federalen "erruduna ez" dela adierazi du gaur, Etxe Zuria utzi ostean Floridako bere etxean dokumentu sekretuak atxiki eta ezkutatzeagatik inputatu eta deklaratzera deitu ostean.

Trump, akusazio federal bati aurre egin dion AEBko lehen presidente eta presidente ohia, Jonathan Goodman epaile federalaren aurrera joan da gaur, eta Mar-a-Lagon, Floridako hegoaldean, agiri sekretuak gordetzeagatik epaimahaiak inputatutako 37 karguak jakinarazi dizkio.

Jack Smith fiskal berezia buru duen akusazioa Joe Biden AEBko presidente demokratak egindako "sorgin-ehiza" bati egotzi dio agintari ohiak, eta "hauteskundeetan eragiteko kanpaina bat" dagoela salatu du, gaur Truth sare sozialean errepikatu duenez.

AEBko presidente ohia 37 kargu egotzita fitxatu eta auzipetu ostean atera da Miamiko auzitegi federalen egoitzatik. Trumpen abokatuek epaiketa zinpeko epaimahaia erabiliz egiteko eskatu dute. AEBko agintari ohiak ez du hitz egin, eta besoak gurutzatuta eduki ditu denbora guztian.

Hatz-markak eta argazkiak hartuta fitxatu dute Trump, eta Jonathan Goodman epaile federalaren aurrera eraman dute gero. Egozten dizkioten 37 karguak ez dituzte osorik irakurri, abokatuek esan baitute ez zela beharrezkoa, karguak ezagutzen zituztelako.

Auzitegira iritsi denean, Trumpek eraikinaren aurrean ordu luzez zain izan dituen kamera eta jarraitzaile ugari saihestu ditu. Protokoloak dioen bezala, gorteko sheriffek atxilotu dute presidente ohia.

Buruzagi ohia eraikineko ateen atzean desagertu eta gutxira, segurtasun-indarrek Trumpen jarraitzaile bat atxiki dute. Ameriketako Estatu Batuetako banderak zeramatzaten jarraitzaile askoren artean polizia-hesia gainditzen saiatu da, NBC News kateak jaso duenez.

Trumpen ordezkariak Todd Blanche abokatua eta Chris Kise Floridako fiskal nagusi ohia dira. Goodmanek irakurri ditu karguak, baina Aileen Cannon (Trumpek izendatutako epailea) ari da kasua zuzentzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak albisteak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump