Mundua -
Ukrainako gerra
2.000 lagun ebakuatu dituzte eta 600 kilometro koadro urpean daude, Nova Kakhovkako presa suntsitu zutenetik
Aurki edateko ura faltako dela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. "Milaka herritar zeuden Nova Kakhovka urtegiaren menpe, eta ur maila oso arin ari da jaisten", adierazi du.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako erreskate zerbitzuek 2.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte Kherson eskualdean (hegoaldea) Nova Kakhovkako zentral hidroelektrikoaren presa suntsitu zutenetik. Izan ere, presa apurtu zenetik, joan den asteartetik, ura askatzen ibili da izen bereko urtegia, eta 600 kilometro koadro urpean geratu dira.
Datuok Ukrainako Gobernuak inguruan duen Administrazio Militarrak eman ditu. Horren arabera, uraren maila 5,61 metrokoa da.
Uholdeak izan dituzten 600 kilometro koadro horietatik heren bat Dnieper Dnieper ibaiaren ibarreko mendebaldean dago, Kieven menpe, eta gainerako % 68a ibar horren ekialdean, errusiaren esku.
Dnieper ibaiak bitan zatitzen du Kherson eskualdea. Nova Kakhovkako zentral hidroelektrikoa ibaiaren ekialdean dago, eta inbasioa hasi zenetik Moskuren esku. Ukrainak eta Errusiak mokoka jarraitzen dute, presaren suntsitzea elkarri leporatuta. Azken orduetan, Turkiak ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du NBEn eta hiru herrialdeen kideen parte hartzearekin.
Edateko uraren faltaz ohartarazi dute Nazio Batuek
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) esan du ur edangarria dela gaur-gaurkoz Khersongo eremu horretan dagoen "kezkarik behinena". "Milaka herritar zeuden Nova Kakhovka urtegiaren menpe, eta ur maila oso arin ari da jaisten", adierazi du Stephane Dujarric NBEko Idazkaritza Orokorreko bozeramaileak.
Dujarricen arabera, "uholdeek ur iturriak kutsatu ditzakete, eta horrek ondorio negatiboak ekar ditzake osasun mailan".
Azaldu duenez, NBEk 12.000 ur botila, umeen eta haurtxoen beharrizanak asetzeko 1.700 pakete eta ura arazteko 10.000 pastilla bidali ditu Kherson eskualdera eta Mykolaiv hirira. Dena dela, zehaztu du Ukrainako Gobernuak kontrolatutako eremuetara bakarrik bidali dituztela. "Oraindik ez gara alde errusiarrera heldu. Erronka handia da", azaldu du.