Mundua -

MIGRATZAILEAK

Bost ontzitan zihoazen 230 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte Kanarietatik gertu

Azken orduetan erreskatatu dituzten pertsonen artean, emakumeak eta haurrak daude. Lehorrean, Kanarietako Larrialdi Zerbitzuko (SUC) osasun-langileek eta Gurutze Gorriko boluntarioek lagundu zieten erreskatatutako migratzaileei.

Kanarietan erreskatatutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE
Kanarietan erreskatatutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE
Kanarietan erreskatatutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost ontzitan zihoazen 237 migratzaile erreskatatu dituzte larunbat honetan Kanarietatik gertu, Itsas Salbamenduak jakitera eman duenez. Azken orduetan erreskatatu dituzten pertsonen artean, emakumeak eta haurrak daude.

Atzo arratsaldean, salbamendu-taldeek Kanarietatik gertu ikusitako patera baten berri jaso zuten, baina kokapen zehatzik gabe. Bilaketa lanak abiatuta, 22:00ak aldera, patera horretan zihoazen migratzaile guztiak (48 pertsona) erreskatatu zituen Itsas Salbamenduko ontziak. Jarraian, beste patera baten berri izan zuten, eta 23:00ak aldera, bigarren ontzi horretan zihoazen 49 pertsonak erreskatatu zituzten: 39 gizon, 4 emakume eta 8 haur.

Halaber, atzo bertan, beste ontzi batean zihoazen migratzaileak erreskatatu zituzten. Ostiral gauetik ari ziren ontzi horren bila. Azkenik, Tenerifeko hegoaldean aurkitu zuten patera hori, eta, aurretiazko lanak egin ondoren, ontzian zihoazen 53 pertsonak erreskatatu zituzten, tartean emakumeak eta haurrak.

Laugarren ontziari dagokionez, 09:00ak baino lehentxeago, Las Palmaseko Salbamendu Zentroak Guardia Zibilaren abisu bat jaso zuen, balizko beste patera horren berri emateko. Eguerdian, ontzian zihoazen 52 pertsonak erreskatatu zituzten: 47 gizon eta 5 emakume.

Horrez gain, ostiraleko 21:20ak aldera, beste 35 pertsona erreskatatu zituzten, tartean bost haur. Lehorrean, Kanarietako Larrialdi Zerbitzuko (SUC) osasun-langileek eta Gurutze Gorriko boluntarioek lagundu zieten erreskatatutako migratzaileei. Lehen beaketak egin ondoren, medikuen arabera osasun egoera onean daude denak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Espainia Eguneko albisteak Albisteak Kanariak Giza eskubideak Siria