Mundua -

Ezbeharra

Tren istripu batek gutxienez 120 hildako eta 800 zauritu utzi ditu Indiako ekialdean

Bidaiari-tren bat errailetik atera da eta irauli diren bagoi batzuk kontrako noranzkoan zihoan beste tren batek jo ditu. Istripua Bahanagan gertatu da, Odisha estatuan.

Irudia: EITB
Irudia: EITB
Dozenaka pertsona hil dira Indian hainbat bidaiari-trenen istripu baten ondorioz

0:59

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 120 pertsona hil eta beste 800 zauritu dira gaur Indiako ekialdean. Bidaiari-tren bat errailetik atera da eta irauli diren bagoi batzuk kontrako noranzkoan zihoan beste tren batek jo ditu, iturri ofizialek PTI albiste-agentzia indiarrari jakinarazi diotenez.

Istripua Bahanaga herriko geltokitik gertu gertatu da, Odisha estatuan, eta erreskate taldeek lanean jarraitzen dute, zaurituak erreskatatzeko.

Calcuttatik Chennairako bidea egiten ari zen Coromandelgo espresa Bengalurutik Calcuttara zihoan beste tren baten bagoien kontra jo du, Amitabh Sharma Trenbide Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez.

Albistearen berri izan ostean, Narendra Modi Indiako lehen ministroak atsekabea adierazi du, eta animo mezua bidali die biktimen senideei. "Erreskate operazioak egiten ari dira ezbeharraren tokian", esan du Twitterren duen profil ofizialean.

Draupadi Murmu Indiako presidenteak bat egin du Modi lehen ministroaren doluminekin. "Nire bihotza familiekin dago. Erreskate operazioen arrakastagatik eta zaurituak lehenbailehen ateratzeagatik otoitz egiten dut", adierazi du Indiako estatuburuak.

Indiak 2016tik izan duen tren istripurik larriena da. Orduan herrialdearen iparraldean tren bat errailetik atera zen. Gutxienez 138 pertsona hil eta 200 zauritu ziren, azken urteetako istripu larrienetako batean.

Tren istripuak ohikoak dira Indian. 2020an 13.018 ezbehar gertatu ziren, eta horietan 11.986 pertsona hil ziren eta beste 11.127 zauritu. Istripuen % 70 talkak izan ziren.

Indiako trenbide sarea, 68.000 kilometroko ibilbidearekin, munduko laugarrena da luzeran, Ameriketako Estatu Batuen, Errusiaren eta Txinaren atzetik, 21.650 tren eta 7.349 geltoki ditu herrialde osoan, eta egunero 23 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak India Trenen Istripuak