Mundua -
Ukrainako gerra
Sistema antiaereoen eta erregai biltegien kontrako erasoak egin ditu Ukrainak
Bestalde, errusiar Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dmitri Medvedevek ohartarazi du britainiar goi karguak "helburu militarren" artean egon litekezkeela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako armadak jomugan du Errusiaren azpiegitura logistikoa eta armamentua suntsitzea, harik eta kontraerasoa hasi arte. Hala, azken 24 orduotan kontrol guneei, sistema antiaereo bati eta Errusiaren erregai biltegiei egin die eraso, Kievetik jakinarazi dutenez.
Helburuen artean dituzte "hiru kontrol gune, etsaiaren giza baliabideen kontzentrazio gune bat, lau artilleria unitate, aire defentsako sistema bat, hiru erregai biltegi eta estazio militar erradioelektriko bat". Ukrainak egunero ematen du unean uneko suntsiketen berri.
Bestalde, droneekin erasoak egin dituzte, eta sabotaje ekintzak ere burutu dituzte Errusian, nahiz eta Kievek ez duen horri buruz ezer esan. Horrekin asmoa da frontean dauden errusiar tropei horniketa bideak ixtea, eta haien koordinazioari oztopoak jartzea, Ukrainaren kontraerasoaren aurrean zailtasunak izan ditzaten.
Medvedevek esan du goi kargu britainiarrak helburu militar izan daitezkeela
Errusiar Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dmitri Medvedevek ohartarazi du britainiar goi karguak "helburu militarren" artean egon litekezkeela.
"Bretainia Handia Ukrainaren aliatu da gaur egun, laguntza militarra ematen diolako, alegia, Errusiaren aurkako gerra ez aitortua piztu duelako", idatzi du Medvedevek Twitterren.