Mundua -
Herbehereak
Ia 1.600 lagun atxilotu eta 40 inputatu dituzte Hagan, erregai fosilen aurkako manifestazio batean
Extinction Rebellion taldeak antolatutako bost orduko autobide blokeoaren ondoren, Poliziak intentsitate txikiko ur kanoiekin esku hartu zuen.
Agentziak | EITB Media
Ia 1.600 pertsona atxilotu dituzte eta horietako 40 desordena publikoagatik inputatuko dituzte, larunbat honetan ingurumen ekintzaileek eta ingurumenaren aldeko kausaren jarraitzaileek A12 autobidean egindako blokeo handiaren ostean, Hagatik gertu (Herbehereak), Poliziak jakitera eman duenez.
Atxilotu gehienak aske daude; inputatuei, berriz, Extinction Rebellion taldeak antolatutako ekintza horretan autoritateari ahoz erasotzea edo jabetza publikoari kalteak eragitea leporatuko zaie.
Extinction Rebellion taldeko kideek, milaka jarraitzaile eta ingurumenaren defendatzailerekin batera, bost orduz blokeatu zuten A12a, eguerditik 17:00ak arte gutxi gorabehera, industria fosilari emandako dirulaguntzen aurka agertzeko, NOS kateak jakinarazi duenez.
Poliziak, azkenean, intentsitate txikiko ur kanioiekin esku hartu zuen. Manifestariak, ekintza horretaz ohartarazita baitzeuden, bainujantziekin, bikiniekin eta udako arroparekin agertu ziren autobidean.
Manifestari bat atxilotu zuten agente bati kosk egiteagatik, baina ez dago bestelako gertakari fisikoren berririk, Poliziak berak funtsean baketsutzat jo duen elkarretaratzean.