Mundua -

Hauteskundeak Turkian

Erdoganek agintean jarraituko du Turkian, bigarren bueltan garaipena lortu ondoren

Botoen % 99,5 zenbatuta, Erdoganek botoen % 52,1 jaso ditu, eta Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokratak, % 47,9.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako egungo estatuburua. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan Turkiako egungo estatuburua. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan Turkiako egungo estatuburua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan islamistak, Turkiako egungo buruzagiak, garaipena lortu du presidenterako hauteskundeetako bigarren bueltan, Turkiako Hauteskunde Batzordeak iragarri duenez. Ondorioz, Erdoganek beste bost urtez jarraituko du agintean Turkian. 

Botoen % 99,5 zenbatuta, Erdoganek botoen % 52,1 jaso ditu, eta Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokratak, % 47,9, Ahmet Yener Turkiako Hauteskunde Batzordeko presidenteak kazetarien aurrean jakitera eman duenez.

"Datozen bost urteetarako, guri eman digute herrialdea zuzentzeko ardura", esan du bart Erdoganek, Istanbulen, emaitzak ezagutu ondoren bere jarraitzaileen aurrean egindako lehen agerraldi publikoan.

Emaitzak behin-behinekoak izan arren, zenbatu gabe dauden botoek ezin dute garailea aldatu. Hala, behin betiko emaitzak balizko helegiteak argitu ostean iragarriko dituzte.

Aurretik zabaldutako inkestek, ordea, abantaila handiagoa ematen zioten Erdogani, baina bi hautagaien arteko lehia estuagoa izan da azkenean. Atzerriko botoei dagokienez, aurreikuspenak bete dira, eta, horrenbestez, Turkiako egungo estatuburuaren garaipena bermatuta dago.

Maiatzaren 14an izandako hauteskundeetako lehenengo itzulian, hautagai bakar batek ere ez zuen estatuburu izateko gehiengo nahikorik lortu. Erdogan gehiengo absolututik oso gertu geratu zen, bozen % 49,5 eskuratuta, eta Kiliçdarogluk botoen % 44,9 jaso zituen. Parte-hartzea % 89koa izan zen, % 86koa atzerriko botoak zenbatuta.

Turkiarekin akordioak bilatzen jarraitzeko asmoa du EBk 

Testuinguru horretan, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko "harremana eraikitzen eta sendotzen" jarraitzeko itxaropena agertu dute igandean Europako Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteek, Chales Michelek eta Ursula von der Leyenek, hurrenez hurren. Ildo horretatik, Erdogan zoriondu dute hauteskundeetako bigarren bueltan lortutako garaipenagatik.

"Zorionak Recep Tayyip Erdogani, Turkiako presidente hautatu berriari. Datozen urteotan EBren eta Turkiaren arteko harremanak sakontzeko zurekin lan egitea espero dut", esan du Michelek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Von der Leyenek ere zoriondu du Erdogan hauteskundeak irabazteagatik, eta bi aldeen arteko "harremana eraikitzen jarraitzeko" itxaropena agertu du. "Garrantzi estrategikoa du, bai EBrentzat, bai Turkiarentzat, harreman horretan aurrera egiteko lan egiteak, gure herritarren mesedetan", nabarmendu du Europako Batzordeko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Turkia Hauteskundeak