Mundua -

TURKIA

Maiatzaren 28an lehiatuko dira Erdogan eta Kiliçdaroglu: bigarren itzuliko gakoak

Erdogan agintetik kendu nahi du Kiliçdaroglu oposizioburuak, eta horretarako, Turkiak bizi duen krisi ekonomikoa eta errepresio soziala izango dira erabiliko dituen argudioak. Nolanahi ere, egungo presidenteak ez du aurreikusten zen adin babes galdu. Boto ultranazionalista izango da gakoa.

Kemal Kiliçdaroglu eta Recep Tayyip Erdogan. Argazkia: EFE
Kemal Kiliçdaroglu eta Recep Tayyip Erdogan
Kemal Kiliçdaroglu eta Recep Tayyip Erdogan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 28an egingo da Turkian presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia. Aurrez aurre, Recep Tayyip Erdogan egungo presidentea eta Kemal Kiliçdaroglu oposizioburua, ez batak eta ez besteak ez baitzuen presidente izateko gehiengo nahikoa (% 50 baino gehiago) eskuratu atzoko bozetan.

Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak zabaldutako datuen arabera, Erdoganek botoen % 49,51 jaso zituen, eta Kiliçdarogluk, % 44,89. Parte-hartzea % 89 ingurukoa izan zen.

Aurreikusten zena baino gutxiago galdu du Erdoganek

Babesa galduko zuela bai, baina inkestek aurreikusten zutena baino dezente gutxiago egin du behera Erdoganek hauteskunde hauetan. Haren kontrako ahotsak geroz eta ozenago entzuten dira kalean zein erakundetan, ospea nabarmen galdu du, baina halere, eutsi egin dio lehen itzulian. 2,5 milioi botoko aldearekin iritsiko da maiatzaren 28ko hitzordura.

Krisi ekonomikoa eta eskubideen galera

Azken 20 urteotan Erdoganen esku egon da Turkiako Gobernua, eta nazioarteko politikaren jokalekuan pieza ezinbesteko izatea lortu badu ere, herrialde horren egoera ekonomikoak okerrera egin du eta herritarrek ere eskubideak galdu dituzte.

Egoera sozioekonomikoari helduko dio kanpainan Kiliçdarogluk, eta Turkiak bizi duen krisi ekonomikoa eta errepresio soziala izango dira erabiliko dituen argudioak.

Halaber, otsailean izandako lurrikarek Erdoganen irudia kaltetu zutela zirudien, baina gai horrek ere ez dio uste bezainbesteko boto-galera ekarri presidenteari.

Boto ultranazionalista

Atzoko hauteskundeetan hirugarren lekuan geratu zen Sinan Ogan ultranazionalistak bereganatutako botoak (% 5) erabakigarriak izango dira Turkiako presidentea nor izango den jakiteko. Ikusteko dago bere boto-emaileei zer eskatu dien Oganek, baina Erdoganengandik gertuago daude bere mezu politikoak.

Besteak beste, migratzaileen kontrako diskurtso gogorra du, eta behin eta berriz esan du kurduen eskubideak babesten dituen HDP ezkerreko alderdia legez kanpo uztearen alde dagoela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Turkia Hauteskundeak gaur Asia