Mundua -
Gazako Zerrenda
Palestinako Gobernuak "hilketa ankertzat" jo du Gazako erasoa, eta nazioartearen esku-hartzea eskatu du
Atzerri ministroak ohar baten bidez adierazi du Gazako Zerrendan izandako azken bonbardaketetan "umeak, emakumeak eta armarik gabeko zibilak" hil zituztela, batez ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako Gobernuak "modurik zorrotzenean" gaitzetsi du Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako azken erasoa, "hilketa ankertzat" jota. Horren aurrean, nazioarteari "lehenbailehen esku hartzeko" eskatu dio, "palestinar herriaren kontrako agresioa etete aldera.
Palestinar atzerri ministroak ohar baten bidez adierazi du Gazako Zerrendan izandako azken bonbardaketetan "umeak, emakumeak eta armarik gabeko zibilak" hil zituztela, batez ere. Hamahiru lagun hil zituzten han, tartean, Jihad Islamiarreko hiru goi kargudun.
"Israelgo Gobernua palestinar agertokira dabil bideratzen barruan duen krisia, eta gure herriaren eskubideen kontura ari zaio horri irtenbidea bilatzen. Gure herriaren aferari ekiteko orduan, indar militarra erabili dute, gatazka konpontzeko bide baketsuak hautatu beharrean", deitoratu du.
Hortaz, azpimarratu duenez, erasoaren eta horrek ekarritako ondorien "erantzule zuzena" da Israelgo Gobernua. Tentsioa areagotu dela ohartarazita, esan du "erabateko leherketa mehatxua" dagoela. Horregatik, iritzi dio irtenbide politiko negoziatu bat dela segurtasuna eta egonkortasuna lortzeko modu bakarra.