Mundua -

Erresuma Batua

Charles III.a, Ingalaterrako errege koroatua

Subiranoaren koroatze zeremonia 70 urte geroago errepikatu da Westminsterreko Abadian, Londresen, milaka gonbidaturen aurrean.

Charles III.aren koroatzea. Argazkia: EITB Media
Charles III.aren koroatzea. Argazkia: EITB Media
Charles III.aren koroatze ekitaldia Westminsterreko Abadian

0:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londres monarkaren koroatzearen zeremonia hartzen ari da larunbat honetan, lehenengo aldiz zazpi hamarkadatan. Charles III.ak, 2022ko irailaren 8an ama hil zitzaionetik errege denak, tradizioak markatutako zeremonia batean jaso du koroa, baina garaira egokitutako berrikuntzekin, tartean ikus-entzunezko jarraipen berezia egiteko aukera eman duen karroza batekin.

Isabel II.ak mugarria ezarri zuen tronuan denbora gehien egon den monarka gisa, eta 1953ko ekainaren 2an izan zen bere koroatzea. Telebistaz zuzenean eman den lehen zeremonia da, beraz, larunbat honetakoa, eta 1937tik lehenengo aldiz, erregeak ez ezik, erreginak, Camilak, ere jaso du koroa.

Prozesioa

Ekitaldiak 10:20 aldera (Euskal Herriko 11:20ean) hasi dira Buckingham Jauregitik abiatu den prozesioarekin. Monarkak kustodia militarra eta familiarra izan du, baina 1953an Isabel II.ak izan zuen lagun kopurua baino dezente txikiagoa, orduan beste errege familia batzuetako kideek eta buruzagi politikoek ere parte hartu baitzuten.

Charles III.ak berrikuntza nabarmena sartu du prozesioan erabili duen karroza bereziarekin, ez baita 1762an egindakoan joan, 1831tik aurrera egindako koroatze guztietan erabilitakoan, baizik eta 2012an Isabel II.aren Diamantezko Jubileua ospatzeko egindako arinago eta erosoago batean.

Prozesioa 11:00ak (Euskal Herriko 12:00ak) baino lehentxeago iritsi da Westminsterreko abade-etxera. Jada 13 koroatze egin dituzte tenpluan (lehenengoa 1066an), eta eguneko ekitaldi garrantzitsuenak bertan izango dira. Errege Etxeak 2.000 gonbidapen bidali zituen zeremoniarako.

Gonbidatuen artean daude egungo Gobernuko kideak, tartean Rishi Sunak lehen ministroa, lehen ministro ohiak, eta baita beste herrialde batzuetako estatuburu, gobernuburu eta errege etxeak ere.

Hala ere, fokua Erresuma Batuko errege etxeko kideetan dago jarria. William Galeseko printzeak, lehenengo oinordekoak, paper garrantzitsua jokatu du, ohorezko paje izan baita. Henry seme gazteena, familiarekin aurrez aurrekoak izan dituena, ere bertan izan da, baina Meghan Markle emaztea AEBn geratu da.

Mural por Carlos III en Londres. Foto: Efe

Zeremonia

Hala, herriaren aurrean aurkeztu dute Charles III.a, "errege ukaezin" gisa 700 urteko aulki baten ondoan (Erresuma Batuko altzari zaharrena da eta 26 errege izan ditu). Justin Welby Canterburyko artzapezpikuak irakurri du lehenengo adierazpena, eta bertaratutakoek "Jainkoak gorde dezala erregea" esan dute aldarrikapen publiko bakoitzaren ostean.

Horren atzetik, zin-egiteak etorri dira, legezkoak eta erlijiosoak (Charles III.a eliza anglikarraren buru ere bada), eta ondoren iritsi da zeremoniaren puntu gorena: monarkak tunika kendu du koroatze aulkian eseri eta artzapezpikuak gantzutu aurretik.

Ondoren, Charles III.ak 'supertunika' brodatua jantzi du eta bere etxearen ikur garrantzitsuenak erakutsi zaizkio, tartean Koroatzearen Eraztuna eta Usodun Aginte Makila. Erregeak lehenengo eta azken aldiz jarriko du Saint Edwarden koroa, XVII. mendean Charles II.arentzat egindakoa eta bi kilotik gora pisatzen duena.

Abade-etxeko kanpai errepikak bi minutu iraun du, eta erregearen omenezko salbak egon dira Erresuma Batu osoan, Charles III.a tronuan eseri eta leialtasun publikoa jaso aurretik, tartean seme zahar eta oinordekoarena.

Ondoren, eta modu laburragoan, erreginaren txanda izan da. Gantzutu egin dute, koroatu eta tronua eman, baina zeremonia xumeago batean, zin-egiterik gabe. 1911ko Mary erreginaren koroa jarri diote.

Azken agurra

Errege-erreginak 13:00 aldera (Euskal Herriko 14:00ak) aterako dira abade-etxetik Buckingham jauregira itzultzeko, eta oraingoan bai, karroza historikoan. 2,3 kilometroko ibilbidea herritarrez josia egongo da, segurtasun neurri zorrotz artean.

1902an Edward VII.ari koroa jarri ziotenetik, tradizioa da monarka berriak herritarrak agurtzea jauregiko balkoi nagusitik, hegazkinen joan-etorriak ikusten dituen bitartean. Errege Etxeak dagoeneko baieztatu du tradizio horri eutsiko diola.

Sátira de Kaya Mar sobre la coronación de Carlos III. Foto: Efe

Agintariak

Amerikako agintari nagusiek ez dute zeremonian parte hartu, eta kantzilerrak, enbaxadoreak edo bikotekideak bidali dituzte. Dena den, bertan izan dira Lula da Silva Brasilgo presidentea eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa.

Etxe Zuriak apirilaren 4an iragarri zuen Joe Biden AEBetako presidentea ez zela joango, eta bere ordez Jill Biden joango zela.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Felipe VI.a eta Letizia Espainiako errege-erreginak, berriz, bertan izan dira.

Karibeko zazpi kolonia britainiar ohietako goi-ordezkariak ere bertaratu dira: Bahamak, Guyana, San Cristobal, Nieves, Belize, eta San Vicente eta Granadinak.

Frantzisko aita santuaren ordez Pietro Parolin kardenala joan da, Vatikanoaren Estatu idazkaria. Aita santuak ibiltzeko arazoak ditu belauneko lesio baten ondorioz, eta ospitaleratu egin zuten martxoan pulmonia batengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Ingalaterra Charles III.a erregea