Mundua -
Serbia
Belgraden bederatzi ikasle hil zituen adingabeak biktimen zerrenda bat zeukan
Tiroketaren harira, serbiar presidente Aleksandar Vucicek proposatu du armen lizentziak mugatzea eta zigorrak ezarri ahal izateko gutxieneko adina hamabi urtera jaistea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Belgradeko ikastetxe batean bederatzi lagun —tartean, zortzi adingabe— hil eta beste zazpi zauritu zituen 13 urteko mutikoak zerrenda bat zeukan eginda, hil nahi zituen pertsonen izenak bilduta, Serbiako Poliziak jakinarazi duenez.
Gainera, aitarekin tiro ariketak egiten zituen, Bratislav Gasic Barne ministroaren esanetan.
Ikastetxeko jolastokian hartu zuten atxilo erasotzailea, alegia, tiroketa gertatu zen lekuan bertan.
Ministroaren hitzetan, hilketa egiteko erabilitako bi pistolek arma-lizentzia zuten, eta susmoa dute hiltzailearen aitarenak zirela. Hori ere atxilotu dute, eta 48 orduko atxiloaldia agindu dute horrentzat, segurtasun orokorraren aurkako delitu larriak egotzita.
Halaber, Fiskaltzak adierazi du hiltzailearen odol analisiak eskatu dituztela. Oraindik, baina, ez dute argitu zein den erasotzaileari ezarriko dioten zigorra, 14 urtez azpikoa baita.
Serbiako presidenteak armen kontrol handiagoa eskatu du
Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak proposatu du armen lizentziak mugatzea, eta zigorrak ezarri ahal izateko gutxieneko adina hamabi urtera jaistea.
Telebista bidez emandako hitzaldian, bigarren mailako hezkuntza-zentroetan droga-probak egiteko aukera ere aztertuko du, bai eta hilketak egiteko jarraibide eta aholkuak ematen dituzten webguneak blokeatzea ere.