Mundua -
VATIKANOA
Emakumeek eta laikoek bozkatzeko eskubidea izango dute, lehen aldiz, hurrengo gotzainen Sinodoan
Eliza Katolikoaren barruan aurrekaririk ez duen erabaki bat da, izan ere, orain arte gotzainek bakarrik bozkatu zezaketen.
AGENTZIAK | EITB Media
Hurrengo gotzainen sinodoan parte hartzeko aukeratzen dituzten emakumeek eta laikoek bozkatzeko eskubidea izango dute. Eliza katolikoaren historian aurrekaririk ez duen erabakia da, izan ere, orain arte gotzainek bakarrik bozkatu zezaketen azken dokumentua.
Emakumeak aspaldidanik ari dira sinodoetan botoa emateko eskubidea aldarrikatzen. Aita santuak emakumeei espazio gehiago emango die mundu osoko gotzainak biltzen dituen biltzarrean, eta hurrengoa urrian egingo da.
Gainera, aita santuak erabaki du auditoreak batzarretik ateratzea eta, horien ordez, gotzainak ez diren eta fededunak ordezkatzen dituzten 70 pertsona aukeratzea. Postu horietarako, apaizak, kontsakratutako pertsonak, diakonoak, fededun laikoak eta tokiko elizetatik datozenak hautatu ahalko dituzte.
Sinodoaren Ohiko Batzar Nagusiaren antolatzaileek espero dute kide berri horien erdiak emakumeak izatea.
60ko hamarkadan Vatikanoko II. Kontzilioa egin zenetik, aita santuek Erromara deitu ohi dituzte mundu osoko gotzainak Eliza katolikoaren gaiak jorratzeko. Bileren amaieran, gotzainek proposamen zehatzak bozkatu eta aita santuari aurkezten dizkiote, eta honek, proposamen horietan oinarrituta, dokumentu bat egiten du. Hurrengo sinodoan, lehendabizikoz, emakumeek ere eman ahalko dute botoa.