Mundua -
Londres
Dominic Raab Justizia ministro britainiarrak dimisioa eman du, laneko jazarpen kasuengatik
Txosten batek baieztatu egin ditu laneko jazarpen akusazioak, Gobernuan izandako ardura desberdinetan funtzionarioek salatutakoak.
agencias | eitb media
Dominic Raab Erresuma Batuko Gobernuko Justizia ministroak dimisioa eman du txosten batean bere aurkako laneko jazarpen akusazioak baieztatu ostean. Gobernuan izandako ardura desberdinetan funtzionarioek salatutako jazarpen kasuak dira baieztatu dituztenak.
Twitterren zabaldutako mezu batean, lehen ministroorde eta Rishi Sunak gobernuburu kontserbadorearen aliatu nagusi zenak azaldu du dimititzeko konpromisoa hartua zuela lehendik Adam Tolley abokatuak egindako txostenean jazarpen kasuren bat baieztatuz gero. Dena den, akusazioak ukatzen jarraitzen du.
"Nik eskatu nuen ikerketa, eta dimititzeko konpromisoa hartu nuen 'bullying' kasuren bat agertuz gero. Uste dut garrantzitsua dela esandakoa betetzea", idatzi du.
Raabek salatu du "jazarpenerako langa oso baxu" jarri dutela, eta hori "aurrekari arriskutsua" izango dela. Horren ustez, horrek xaxatu egingo ditu antzeko kexak, eta eragin kaltegarria izango du.
Txostena oraindik ez da publiko egin, baina ministro ohiak jakinarazi du zortzi akusazioetatik bi baieztatu direla, eta bi horietan "akatsak" zeudela.
Era berean, ministroek euren aginduetara dituzten langileen aurrean "erantzun kritiko zuzenak" emateko gaitasuna izan behar dutela erantsi du.
Raaben dimisioa kolpe politiko gogorra da lehen ministroarentzat, hasieratik eman baitzion babesa Alderdi Kontserbadorearen buruzagitza lortzeko hautagaitza aurkeztu zuenean.
Orain, Sunakek ministerioetan aldaketak egitea espero da. Argitzeko dago urriaren 25ean Justizia ministro izendatu zuenean ba ote zuen jazarpen akusazio horien berri.