Mundua -
ESTATU BATUAK
Erretiratu egin dituzte filmatze batean argazki-zuzendaria nahi gabe hiltzeagatik Baldwinen kontrako karguak
Halyna Hutchins argazki-zuzendaria hil zen "Rust" pelikula filmatzeko lanetan, Alec Baldwing aktoreak atrezzoko pistola batekin tiro egin ostean. Filmaketa bertan behera utzi ostean, asteon berrekin diote berriro.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mexiko Berriko Fiskaltzak erretiratu egin ditu "Rust" pelikula filmatzeko lanetan Halyna Hutchins argazki-zuzendaria nahigabe hiltzeagatik Alec Baldwin aktorearen aurka jarritako karguak, azken horren abokatuek jakitera eman dutenez.
Oraingoz, Fiskaltzak ez du albistea baieztatu, baina kasuaren gertuko iturriek adierazi dute "datozen orduotan" erretiratuko dituztela "formalki" Baldwinen kontrako karguak. Luke Nikas eta Alex Spiro abokatuak "pozik" agertu dira, eta "kasua argitzeko ikerketa egokia" egiteko eskatu dute.
Filmaketa 18 hilabetez etenda egon ostean, atzo berrekin zieten "Rust" filma grabatzeko lanei, Montanan.
2021eko urriaren 21ean hil zen Hutchins, Baldwinek atrezzoko pistola batekin tiro egin ostean, "Rust" filmaren grabazioan, Mexiko Berrian. Fiskaltzak nahi gabeko hilketagatik bi kargu egotzi zizkion aktore estatubatuarrari.
Joan den hilean, pelikularen ekoiztetxea Mexiko Berriko agintariekin akordio batera iritsi zen, eta filma grabatzeko lanetan segurtasunarekin lotutako akatsak egon zirela aitortu ondoren, 100.000 dolarreko isuna ordaindu zuen.
Baldiwinek hasieratik esan du errugabea dela.