Mundua -
Afrika
Sudango Armadak eta paramilitarrek adostutako 24 orduko su-etena ez dute bete
Borrokak su-etena indarrean sartu eta 15 minutura hasi dira. Gutxienez 270 pertsona hil eta 2.000 baino gehiago zauritu dira asteburuan Khartumen eta herrialdeko beste hiri batzuetan hasitako borrokaldietan.
Agentziak | EITB Media
Sudango jauregi presidentzialaren inguruan eta Armadako komandantziaren egoitza nagusian, Khartum erdigunean, leherketak eta tiroak izan dira, Ameriketako Estatu Batuek proposatutako 24 orduko su-etena indarrean sartu eta berehala, lekukoek jakitera eman dutenez.
Su-etena indarrean sartu eta 15 minutura hasi dira Sudango Armadaren eta talde paramilitar boteretsuaren arteko borrokak, aipatutako iturrien arabera.
Sudango Armadak eta Laguntza Azkarreko Indar paramilitarrak (RSF) 24 orduko su-eten baterako akordioa iragarri dute gaur, larunbatean piztu eta orain arte gutxienez 270 hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago utzi dituzten borroken ostean, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argitaratutako azken balantzearen arabera.
Mohamed Hamdan Daglo 'Hemedti' RSFko buruak Antony Blinken AEBko Estatu idazkariarekin hitz egin du azken orduetan, eta, adierazi duenez, RSFk "24 orduko armistizioa" onartu du, AEBrekin eta "beste nazio lagun batzuekin" izandako harremanen harira.
"Zoritxarrez, Sudango Indar Armatuek ez dute su-etena errespetatu, eta jende asko bizi den zonaldeak bonbardatu dituzte, zibilen bizitzak arriskuan jarriz", gaineratu du.
Bestalde, Sudango Armadako bozeramaile batek Twitter bidez adierazi duenez, "Armadak ez du bitartekarien eta nazioarteko komunitatearen arteko inolako koordinazioren berririk su-eten baten inguruan". "Matxinoen 24 orduko su-etenari buruzko adierazpenak ordu gutxi barru jasango duen porrot ikaragarria estaltzea du helburu. Fase kritiko batean sartu gara, eta gure ahaleginak helburuak maila operatiboan lortzera bideratuta daude", azpimarratu du.
Hala ere, handik gutxira, Shamselin Kabashi jeneralak, Trantsizio Kontseilu Subiranoko kideak, 24 orduko su-etena baieztatu du Al Arabiya telebista kateari eskainitako adierazpenetan, eta 18:00etan indarrean sartuko dela zehaztu du.
NBEko erakundeek eta Sudanen dituzten 4.000 langileek programa gehienak eten behar izan dituzte herrialde horretan, borrokaldien ondorioz. NBEren Genevako informazio zerbitzuek baieztatu dutenez, gainera, bertan dauden langileak (800 atzerritarrak dira) ezin dira herrialdetik sartu edo atera gatazkaren ondorioz.