Mundua -
AFRIKA
100 hildako inguru eta ehunka zauritu Sudanen paramilitarren eta Armadaren arteko borroketan
Abdelfatah al Burhan eta Mohamed Hamdan Dagalo Sudango bi buruzagi militar nagusien arteko lehiak gudu-zelai bihurtu du herrialdea. Talde paramilitar boteretsuena (RSF) etorkizuneko armada bateratuaren kate-maila izatetik "milizia errebelde" izatera igaro da.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez 97 zibil hil eta ehunka zauritu dira RSF talde paramilitarraren eta Sudango Armadaren arteko borroketan, Sudango Medikuen Batzorde Nagusiak eta Darfur Monitors GKEak jakinarazi dutenez.
Sudango Medikuen Batzordeak hiriburuan eta inguruetan zenbatutako 56 hildakoei Darfur Monitorsek Nyalan, Darfur Hegoaldean, egiaztatutako beste 22 gehitu behar zaizkie, Sky Newsen esanetan.
Medikuen Batzordeak Facebooken zabaldu duenaren arabera, hildakoez gain, 1.100 zauritu daude gutxienez, tartean militarrak, eta "dozenaka" egoera kritikoan daude.
Medikuek ohartarazi dute hori ospitale eta bestelako osasun zentroetako balantzea dela, baina kopurua ziurrenik handiagoa izango dela, Sudango eremu isolatuetara ez baita iristen Batzordea.
Era berean, biktima zibil gehiago omen daude ospitalera ezin iritsita, borrokaldiak anbulantzien joan-etorriak eragozten dituelako.
Khartumen izan omen da hildako gehien, oraingoz 25 inguru; eta Omdurmanen eta Marinan beste 11 eta 8 zenbatu dituzte, hurrenez hurren.
Eskala handiko borrokak
Sudango Armadaren eta Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF ingelesezko siglengatik) talde paramilitarraren arteko tirabirak larunbatean hasi ziren are gehiago okertzen, Khartum hiriburuan eta herrialdeko beste hainbat tokitan eskala handiko borrokak piztu baitziren. Borroka horiek ezerezean utz ditzakete herrialdeak duela lau urte gobernu zibil bat eratzeko hasitako prozesu luze eta zaila. Bonbardaketa gordinek eta artilleria astunaren suak eragin dituzte biktimak, bai kaleetan, bai aireportuan.
Sudango Armadak aginte zibilaren pean izango duen funtzionamenduari buruzko desadostasunak gainditu ezinik dabiltza herrialdeko bi gizon indartsuenak: Abdelfata al Burhan Sudango buruzagi militarra eta Mohamed Hamdan Dagalo 'Hemedti' buruzagi paramilitarra eta Sudango 'bigarrena'. Horien arteko hausturaren isla dira istiluak.
Borrokak larunbateko 09:00ak aldera hasi ziren hiriburuan, RSFak Al Burhango egoitza hartzen saiatu direnean. Buruzagi sudandarrak berak jakinarazi duenez, Khartum hiriburuko nazioarteko aireportua eta, aldi berean, Sudango Meroe hiriko base militarra (hiriburutik 220 kilometro iparraldera, paramilitarrek inguratuta dute ostegunetik) hartzeko saiakera ere egin dute.
Istiluak bat-batean lehertu dira gainera, izan ere, ordu batzuk lehenago, Hego Sudango hiriburuan, Jubako bake akordioa sinatu zuten Sudango talde armatuetako goi arduradunek, orain Al Burhanen eta 'Hemedti'ren arteko eztabaidaren arteko urgentziazko bitartekari direnek, bien arteko desadostasunei irtenbidea emateko negozioazioa onartu izanaren berri emana baitzuen.
Gauzak horrela, espero zitekeen bezala, biek elkarri leporatu diote liskarren hasiera. Sudango Armadak "traizioa" leporatu die paramilitarrei, eta haiek Armadari egotzi hiriburuan zabaltzea eta ezustean eraso egin izana.
Nazioarteak (Afrikako Batasuna, Europar Batasuna, NBE, AEB, Errusia, Saudi Arabia, Egipto eta Qatar, besteak beste) liskarrak berehala eteteko eskatu du, eta enbaxadek herrikideei etxean geratzeko agindu diete, borroken krudelkeria dela eta, bereziki hiriburuan, han borrokarako hegazkin militarrek altuera baxuko hegaldiak egin baitituzte RSFren posizioak bonbardatzeko, tartean Sobako kanpamentuan duten kuartel nagusia; artilleria bidezko erasoak goiz osoan zehar errepikatu dira.
Sudango Indar Armatuek larunbat honetan ohartarazi dutenez, ez dute inolako negoziaziorik egingo Laguntza Azkarreko Indarrekin (RSF), talde hori desegin arte. "Ez da negoziaziorik edo elkarrizketarik egongo RSFko paramilitarrak desegiten ez diren bitartean", azaldu du Sudango Indar Armatuen Estatu Nagusiak Facebook sare sozialean duen orri ofizialean.