Mundua -
Afrika
Sudango Armadaren eta paramilitarren arteko gatazkari buruzko gakoak
Joan den ostegunean hasi ziren gatazka hotsak entzuten, RSF Khartumen hedatzen ari zela salatu zuen orduan Armadak, Indar Armatuen baimenik gabe. Hona hemen gatazka horre nondik norakoak ulertzeko gakoak.
Agentziak | EITB Media
Gatazkaren txingarra gori da Sudanen. Tentsioz beteriko asteen ostean, Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF) talde paramilitarrak eta Sudango Armadak elkarri leporatu diote euren unitateei eraso egin izana, Armadak "matxinadatzat" jo ditu paramilitarren ekintzak. Indarkeriaren igoera larria da herrialdean.
Mohamed Hamdan Dagalo 'Hemedti' Sudango Kontseilu Subiranoaren presidenteorde eta RSFen burua, Armadarekin izandako tentsio-igoerari irtenbidea bilatzeko prest agertu eta biharamunean gertatu da liskarra.
Joan den ostegunean hasi ziren gatazka hotsak entzuten, RSF Khartumen hedatzen ari zela salatu zuen orduan Armadak, Indar Armatuen baimenik gabe, "herritarren artean izu-oldea eta beldurra" eraginez.
Hona hemen Laguntza Azkarreko Indarrak talde paramilitarraren eta Sudango Armadaren arteko gatazka gaurko puntura nola iritsi den ulertzeko gako batzuk.
1) Zer da RSF?
Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF) Omar al Bashir presidente ohi islamistak sortutako indar paramilitarra dira, Sudango Adimenaren menpekoa. 2013an birmoldatu zenetik, Hemedti da horren buru, 2021eko estatu-kolpearen ondoren Kontseilu Subiranoko presidenteorde eta Armadako bigarrena.
RSFak Yanyauid (Janjaweed) milizietatik jaio ziren, Darfurko gatazkan (2003-2008) sarraski eta bortxaketa masiboak egiteagatik akusatuak, eta 2019ko apirilean Al Bashir boteretik kendu ondoren, indar militar erregular bihurtu zen.
Elkarte horri demokraziaren aldeko manifestariak hiltzea eta bahitzea ere leporatu zioten hiru hamarkadaz agintean egon ostean diktadorea boteretik eraitsi zuen Sudango iraultza deiturikoan.
2) Trantsizio demokratikoa
Sudan trantsizio demokratikoko prozesu batean murgilduta dago, 2021eko urrian estatu-kolpea eman ondoren sortutako krisi politikoari amaiera emateko helburuarekin. Abdelfatah al Burhan buruzagi militarrak, Hemedtirekin batera, Sudango iraultzaren ondoren herrialdea zuzentzen zuen trantsizioko gobernu zibila kargutik kendu zuen.
Joan den urtarrilaren 8an hasi zen "esparru-akordioa" sinatu zutenen arteko prozesu politikoaren azken fasea. Militarrek eta zibilek abenduaren 5ean lortu zuten akordio hori, eta egungo gobernu militarra ordezkatuko duen gobernu zibila ezartzeko urratsak zehazten zituen.
Hala ere, Sudango trantsizio-prozesuan parte hartzen duten alderdien arteko behin betiko akordio politikoaren sinadura, apirilaren 1ean sinatzea aurreikusita zegoena, bi aldiz atzeratu zen, RSFekin armada bateratu bat sortzeari buruzko adostasunik ez zegoelako.
3) Armada bateratuaren saiakera
Al Burhanek, Sudango Kontseilu Subiranoaren (matxinadaren osteko gobernu-organo gorena) presidente ere badenak, martxoaren amaieran jakinarazi zuen Armada bateratzea militarrek eta zibilek herrialdeko krisia konpontzeko lortutako esparru-akordioaren puntuetako bat zela, eta prozesu hori "luzea eta korapilatsua" izango zela.
Akordio horren arabera, Sudango Indar Armatuak "aginte zibil" baten mende baino ez ziren egongo, politizazioa saihesteko. Hemedtik, berriz, adierazi zuen erakunde militarrak eta segurtasunekoak eraberritzeko "legeria modernizatu eta eguneratu" behar zela.
Unitate paramilitar batzuk (tartean, RSF) integratu eta Armada nazional bateratu bat sortzeko, duela hilabete erdi erreforma militarrerako eta segurtasunerako tailer bat egin zuten, besteak beste, Armada bizitza politikotik eta jarduera ekonomiko, komertzial eta inbertsio arlokoetatik bereziteko.
Hala ere, tentsioak areagotu egin ziren RSFen eta Sudango Indar Armatuen artean tailer hori egin ondoren, bi liderren arteko desadostasunengatik. Hori da sinatu ez izanaren arrazoi nagusia, eta trantsizio prozesua ixteko espero zen behin betiko akordioa atzeratzen jarraitzen da.
Integrazio horretarako arazo nagusia da RSFak tribuen arteko leialtasunak dituen taldea direla –borrokalariak riezigat tributik datoz, Txadetik–, eta, gainera, gatazkako urteetan dirutza handiak bildu dituzte urrezko meategiak indarrez hartuta, Sudanen baliabide nagusia.
4) Armadaren eta RSFen arteko gatazkaren jatorria
Sudango Armadaren eta RSFen arteko desadostasunak 2019 urtetik datoz. Urte horretan, Al Bashirren gainbehera eragin zuten protestetan Armadaren egoitzaren aurrean eserialdia egin zuten ehunka manifestari hil zituen errepresioaren ageriko besoa izatea leporatu zieten RSFei.
Askatasunaren eta Aldaketaren Indarrak oposizioko plataformak desegiteko eskatu zuen orduan, eta gogorarazi zuen talde horrek gizateriaren aurkako krimenak egin zituela Darfurren.
Orduan, Hemedtik baieztatu zuen eserialdi horren altxaraztea "tranpa izan zela eta helburua RSFak zirela". Talde paramilitarrek buruzagiaren arabera, maila desberdinetako ofizialen biktimak izan ziren, baina ez zuen formalki Armada akusatu.
Egoera horien baturak zaildu egiten du RSFak Sudango Armada Nazionalean sartzea, nahiz eta Al Burhanek eta Hemedtik ahaleginak egin eta konpromisoak iragarri.