Mundua -
Emakumeen aurkako indarkeria
Irango Poliziak kamerak jarriko ditu leku publikoetan, beloa ez daramaten emakumeak identifikatzeko
Beloa janztea derrigorrezkoa da Iranen 1983az geroztik, eta ez erabiltzeak zigor-espetxea ekar dezake. Azken hilabeteetan, Irango milaka emakumek beloa erabiltzeari utzi diote Masha Amini gaztearen hilketagatik protesta gisa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Irango Poliziak larunbat honetan iragarri duenez, leku publikoetan kamerak jartzen ari dira beloa erabiltzen ez duten emakumeak identifikatzeko helburuz. Beloaren erabilera herrialde islamiko horretan derrigorrez inposatzeko neurri berri bat da.
"Beloaren legearen aplikazioan tentsioak eta gatazkak ekiditeko neurri berritzailea da", segurtasun indarreko iturriek jakinarazi dutenez. "Poliziak tresnak eta kamera inteligenteak erabiliko ditu leku publikoetan eta errepideetan hijab edo beloa erabiltzen ez dituzten emakumeak identifikatu ahal izateko", azaldu du.
Beloaren legea betetzen ez duten emakumeei mezuak helaraziko dizkiete. "Poliziak ez ditu legearen aurkako jarrera indibidualik nahiz kolektiborik onartuko", ohartarazi du iturri berdinak.
Beloa janztea derrigorrezkoa da Iranen 1983az geroztik, eta ez erabiltzeak zigor-espetxea ekar dezake. Azken hilabeteetan, Irango milaka emakumek erabiltzeari utzi diote Masha Aminiren hilketagatik protesta gisa. Amini Poliziak atxilotu zuen joan den irailean, hijab txarto jantzita zeramala iritzita, eta Poliziaren esku zegoela, handik egun gutxira hil egin zen.