Mundua -
Ukrainako gerra
Frantziak eta Txinak nazioarteko zuzenbidearen alde egin dute Ukrainako gatazka konpontzeko
Macronek eta Xik "munduko segurtasuna eta egonkortasuna sustatzearen" garrantzia azpimarratu dute.
Agentziak | EITB Media
Frantziak eta Txinak adierazpen bateratua egin dute, Emmanuel Macron eta Xi Jinping presidenteen bileraren ostean, Ukrainako gatazka nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Gutunaren printzipioetan oinarrituta konpontzearen alde.
"Bi herrialdeek azpimarratzen dute garrantzitsua dela gatazkako alde guztiek Zuzenbide Humanitarioa zorrotz betetzea", dio adierazpenak, zentral nuklearren aurkako eraso armatuak saihestu eta Zaporiyiako zentralaren segurtasuna bermatzeko.
Era berean, Frantzia eta Txina bat datoz "munduko segurtasuna eta egonkortasuna sustatzearen" garrantzian, arreta berezia jarriz gerra nuklearraren prebentzioan eta armen lasterketa saihestean.
Halaber, armen kontrolen eta armak ez ugaltzeko itunen eraginkortasuna "babesteko" koordinazioa eta lankidetza areagotzea adostu dute, baita armagabetze nuklearrerako eta "energia nuklearraren erabilera baketsurako" aurrerapausoak ematea ere.
Macronek eta Xik "elkarrizketa politikoa indartzea eta elkarrekiko konfiantza politikoa sustatzea" adostu dute, bi estatuburuen arteko "urteroko topaketak" eginez eta ekonomia eta finantza mailan eta arlo humanitarioan elkarrizketa indartuz.