Mundua -
Ekialde Hurbila
Indarkeria areagotu da Israelen eta Palestinan
Israelgo indar armatuek Al Aqsa meskitan egindako erasoak, Gazatik eta Libano hegoaldetik Israelera jaurtitako koheteek eta Israelen bonbardaketek tentsioa areagotu dute.
Agentziak | EITB Media
Indarkeria areagotu da Israelen eta Palestinan azken egunotan, Israelgo indar armatuak Al Aqsa meskitan sartu eta hainbat zauritu eta atxilotu utzi eta miliziano palestinarrek Gazatik eta Libanoko hegoaldetik kohete batzuk jaurti ostean.
Israelgo Defentsa Indarrek Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduari leporatu diote Libano hegoaldetik 34 kohete jaurti izana.
"Badakigu ziur palestinarren sua izan zela, bai Hamasena, bai Jihad Islamikoarena", adierazi du Richard Hecht Israelgo Armadako bozeramaileak. Hechtek baztertu du Libanoko Hezbola talde xiita atzean egotea, baina ziur aski "jakinaren gainean" zegoela zehaztu du, "Libanoko hegoaldean gertatzen den guztia kontrolatzen dutelako".
Era berean, Israelek Hamasen instalazioak bonbardatu ditu Gazako Zerrendan, Meskiten Zabalguneko Al Aqsako tenpluaren inguruko liskarren tentsioen erdian.
Israelgo Polizia bi gauez jarraian sartu da Jerusalemgo meskitan, eta gomazko balak, granadak eta gas negar-eragileak jaurti ditu fededun musulmanak sakabanatzeko, Pesaj juduen Pazkoa hasten den gau bereziki sinboliko batean eta Ramadaneko hilabete betean.
Libanoko Gobernuak Israeli "presioa" egiteko eskatu dio nazioarteari, indarkeria saihesteko. "Libanok herrialdearen hegoaldean lasaitasuna eta egonkortasuna nahi ditu, eta nazioarteari eskatzen dio Israeli presioa egin diezaiola eskalada gelditzeko", adierazi du Atzerri Ministerioak.