Mundua -
Europako Itun Berdea
Europar Batasunak eta Alemaniak akordioa lortu dute errekuntza motorren inguruan
Bruselak iragarri duenez, 2035erako errekuntza motorren debekuari betoa kentzea erabaki dute. Neurria etenda zegoen, Alemaniako Gobernuak mota horretako erregaiak sartu nahi dituelako akordioan.
Agentziak | EITB Media
Frans Timmermans Europako Itun Berderako Europako Batzordeko presidenteordeak Alemaniarekin lortutako akordioa iragarri du larunbat honetan, 2035erako errekuntza motorren debekuari betoa kentzeko.
"Akordio batera iritsi gara Alemaniarekin, etorkizunean automobiletan erregai sintetikoak erabiltzeko", iragarri du Timmermansek Twitterren.
Bruselak erregai sintetikoak 2035etik aurrera Europar Batasunean (EB) errekuntza ibilgailuak saltzea debekatzeko negoziazioen esparruan sartzea proposatu zuen, baina neurri hori etenda zegoen, Alemaniako Gobernuak mota horretako erregaiak sartu nahi dituelako akordioan.
2035etik aurrera errekuntza ibilgailuak (gasolina, diesela eta hibridoak barne) merkaturatzeko debekua data berririk gabe atzeratu zuten, Alemaniak eta Italiak azken uneko zalantzak adierazi zituztelako, eta arau berria ezartzea arriskuan jar zezaketelako. Arau hori EBk legegintzaldi honetan bultzatu nahi duen pakete klimatikoaren parte da, 2030erako eta 1990ekoekiko blokearen isurketa kutsatzaileak gutxienez % 55 murrizteko.
Europako Parlamentuaren otsailaren 14ko osoko bilkuran onartu zen neurria, baina enbaxadoreen arteko negoziazioetan agertu zuen Alemaniak mesfidantza erakundeen arteko akordio baten inguruan, joan den udazkenean adostu zena.
"Orain automobilentzako CO2 estandarrak ahalik eta azkarren har daitezen lan egingo dugu", gaineratu du Timmermansek, erregai sintetikoak sartzeko lege esparrua oinarrizko akordioa desblokeatu eta 27ek hartzen dutenean soilik garatuko dela ohartarazi aurretik.