Mundua -

Frantziako pentsioak

457 atxilotu eta 441 agente zaurituak Frantzian, osteguneko protestetan

Hiriburuan bezala, manifestazioak istilu bihurtu dira Frantziako Estatuko beste hiri batzuetan, hala nola Rennesen, Nantesen, Bordelen eta Lorienten. Darmanin ministroak "muturreko ezkerra" jo du indarkeria ekintzen erantzuletzat.

Istilu gogorrak Parisko kaleetan. Argazkia EFE.
Istilu gogorrak Parisko kaleetan. Argazkia EFE.
Manifestari talde batek Bordeleko Herriko Etxearen ateari su eman dio

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzia osoan deitutako 300etik gora manifestaziotan 3,5 milioi pertsona bildu dira ostegun honetan, sindikatuen datuen arabera, hau da, martxoaren 7ko errekorra berdindu dute. Halere, Gobernuaren zifrak apalagoak dira, milioi bat pasatxokoak, beste egun batzuetan baino zertxobait txikiagoak. 

Hiriburuan bezala, manifestazioak istilu bihurtu dira Frantziako Estatuko beste hiri batzuetan, hala nola Rennesen, Nantesen, Bordelen eta Lorienten, eta 457 pertsona atxilotu dituzte guztira eta 441 agente zauritu dira horietan, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak ostiral honetan eskainitako datuen arabera.

Parisen pentsioen erreformaren aurka ostegunean egin den manifestazioa ilundu dute manifestarien eta ordenaren indarren arteko liskar gogorrek. Beste aldi batzuetan ez bezala, indarkeriazko ekintzak manifestazio sindikalaren burua iritsi aurretik piztu dira. Izan ere, istiluez haratago, normaltasunez egin dira manifestazioak, hori bai, sute txikien errautsen, erakusleiho pitzatuen eta hiri-altzari suntsituen artean, bai eta Poliziak erabilitako gas negar-eragileei kea zeriela oraindik.

Darmaninek "muturreko ezkerra" jo du Gobernuaren erreformaren aurka sindikatuek antolatutako martxetatik kanpo gertatu diren indarkeria ekintzen erantzuletzat. "Ezker muturrak Errepublikari eraso egin nahi dio eta gaitzespen mezua eman behar da", azpimarratu du ministroak. Sindikatuek indarkeria salatu dutela onartu du, baina ez oposizio osoak.

Frantziako sindikatuek etenik gabe eusten diote Emmanuel Macron presidentearen pentsioen erreformaren aurkako borrokari; Macron izan da, hain zuzen ere, bederatzigarren mobilizazio egunean kritiken hartzaile nagusia.

Erretiroa hartzeko gutxieneko adina bi urtez (62tik 64ra) atzeratzen duen erreformaren aurkako presioarekin jarraitzearen alde egin dute sindikatuek, eta hilaren 28rako beste protesta-egun bat deitu dute, atzetik gehiago etorriko direla iragartzearekin batera. 

Halere, presidenteak tinko eusten dio bere jarrerari, uste baitu neurri hori saihestezina dela covid krisiak eta Ukrainako gerrak kaltetutako finantza publikoen ongizaterako. 

Datozen egunak erabakigarriak izango dira krisiaren etorkizuna argitzeko, argi baitago gatazka ez dela amaitu legegileak testua onartzearekin. Gatazka honek, besteak beste,  Macronek bere agenda politikoarekin aurrera jarraitzeko dituen planak oztopatzen ditu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak Frantziako Gobernua