Mundua -
Emakumeen ugalketa eskubideak
Abortatzeko pilulak debekatzen dituen AEBko lehen estatua bihurtu da Wyoming
Gainera, "Bizitza Giza Eskubidea da" izeneko legea ere onartuko dutela aurreratu du Wyomingeko gobernadoreak. Horren arabera, abortua legez kanpokoa izango litzateke ia edozein egoeratan, eta haurdunaldia etetea delitu larritzat joko lukete.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Abortatzeko pilulak debekatzen dituen lehenengo estatua bihurtu da Wyoming AEBn. Aborturako eskubidea orohar bertan behera uzteko olde kontserbadorea dago egun Amerikako Estatu Batuetan, eta 2022ko ekainean abiatu zen AEBko Auzitegi Gorenak baliogabetu zuenean haurdunaldia legezko etetea baimentzen zuen 1973ko aurrekari legala.
Azken hilekotik 70 egunera haurdunaldia eteteko pilulak debekatzea berretsi dute Wyomingeko Kongresuaren bi ganberek. Mark Gordon Wyomingeko gobernadoreak gutun baten bidez adierazi duenez, "jaio ez direnen bizitzak babesten historia sendoa daukat, bizitza guztiak sakratuak direla uste dut, eta duintasunez eta errukitasunez tratatu behar direla".
Aborturako ia erabateko debekuak dituzte dagoeneko AEBko hainbat estatutan, baina abortatzeko sendagaien gainean arautzen lehena izan da Wyoming. Gainera, "Bizitza Giza Eskubidea da" izeneko legea ere onartuko dutela aurreratu du. Horren arabera, abortua legez kanpokoa izango litzateke ia edozein egoeratan, eta haurdunaldia etetea delitu larritzat joko lukete.
Bien bitartean, haurdunaldiak eteteko erabiltzen den mifepristona drogari baimena kentzeko eska diezaioke Texaseko epaile batek Drogen eta Elikagaien AEBko Administrazioari, "The New York Times" kazetaren arabera. Epai horrek herrialde osoan eragingo luke, baita abortua legezkoa den estatutan ere.