Mundua -

Frantzia

300 lagun baino gehiago atxilotu ditu Poliziak pentsioen erreforma dekretuz onartzearen kontrako protestetan

Oposizioko alderdiek zentsura-mozioak iragarri dituzte. Le Pen ultraeskuindarrak "Gobernua erortzea" bideragarri egiten duen edozein mozio babestuko du. Ezkerrak eta LIOTek mozioak aurkeztuko dituzte. Melenchonek LIOTena babestuko du, baina eskuin tradizionalaren boto batzuk ere beharko dira.

Milaka lagun atera dira bart kalera.
Milaka lagun atera dira bart kalera.
217 pertsona atxilotu dituzte Parisen, dekretu bidez onartutako pentsioen erreformaren aurkako istiluetan

0:43

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haserre bizia Ipar Euskal Herrian eta frantziar estatu osoan, Emmanuel Macronek pentsioen erreforma dekretu bidez onartu ondotik. Milaka lagun atera dira kalera, eta istiluak izan dira hainbat hiritan; protestak egin dituzte, barrikadak zabaldu eta su eman diete edukiontziei, autoei eta kale garbitzaileen grebaren ondorioz kalean pilatutako zaborrei. Poliziak 310 lagun atxilotu ditu guztira; Parisen bakarrik, gutxienez 258. Nantesen, hiru mila lagun baino gehiago atera dira kalera, eta hainbat istilu izan dira Marseillan eta Rennesen. Protesta jendetsuak egin dituzte, halaber, Lyonen, Bordelen, Tolosan eta beste hainbat hiritan ere.

Ipar Euskal Herrian, protesta baketsua izan da Baionan, baina haserrea agerikoa da. Sindikatu nagusiek mobilizazioak iragarri dituzte dagoeneko datorren ostegunerako.

Macron presidentea eta Gobernua ekaitz politiko handian murgildu ditu pentsioen erreformaren gaineko erabakiak. Asanblea Nazionalean aldeko boto nahikorik lortuko ez zuela ikusirik, ostegun arratsaldean, Konstituzioaren 49.3 artikuluaren babespean, dekretuz onartu du Gobernuak erreforma polemikoa. Elisabeth Borne lehen ministroak iragarri du neurria, eta "arduragatik" onartu dela azpimarratu du, "ezin baita pentsioen etorkizunarekin arriskurik hartu". Oposizioko parlamentarien oihu eta alarau artean hitz egin behar izan du Bornek, ezkerreko diputatuek Marseillesa abesten eta haren dimisioa eskatzen zuten bitartean.

Zentsura-mozioak eta zabalik dauden aukerak

Erabakiak berehala ekarri ditu atzetik oposizioko alderdien zentsura-mozio iragarpenak.

"Bornek ezin du jarraitu", esan du argi eta garbi Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarrak, eta nabarmendu du "frantziarren gehiengoa" agertu dela Gobernuaren proiektuaren aurka. Era berean, aurreratu du bere taldeak edozein zentsura-mozio babestuko duela, baita ezkerrekoa bada ere. "Garrantzitsuena ez da mozioa nork aurkezten duen, garrantzitsuena Gobernua erortzea da", azpimarratu du. 

Ezkerrak ere prest du zentsura-mozioa, Fabien Roussel buruzagi komunistak adierazi duenez. Kaleetako mobilizazioarekin jarraitzeko deia egin du, eta erreferenduma eskatzeko ekimena bultzatzeko asmoa berretsi. Horretarako, lau milioi sinadura aurkeztu behar dira.

Libertés, indépendants, outre-mer et territoires (LIOT) talde parlamentarioak ere iragarri du zentsura-mozioa. Taldeak hogei diputatu biltzen ditu: zentristak, itsasoz haraindiko lurraldeetakoak, erregionalistak eta nazionalista korsikarrak.

Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoa ezkertiarraren buruzagiak azaldu du, taldeak bere mozioa aurkezteari uko egin eta LIOTena babestuko duela. Halaber, nabarmen du erreformak ez duela "inolako zilegitasun parlamentariorik", eta ez duela babesik "ez kalean ez eta frantziar gehienen artean ere".

Aurkeztuko diren zentsura-mozioetakoren batek aurrera egin dezan (horiek formalizatzeko epea 15:30ean amaituko da), 289 diputaturen botoa beharko litzateke; hau da, ez litzateke nahikoa izango LIOTen, NUPES ezkerreko koalizioaren eta Le Penen RNren babesa.

Beharrezkoa litzateke Errepublikanoen alderdiko (LR) diputatu batzuk, eskuindar tradizionalaren alderdia, bere alderdiaren jarrera ofizialetik aldentzea.  "Hipotesi guztiak posibleak dira", adierazi du Aurélien Pradiék, erreformaren aurka zeuden LRko diputatuen burua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Paris azken albisteak Frantzia berriak Baionako bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Emmanuel Macron Pentsioak Macronen Gobernua