Mundua -
Osasun publikoaren alde
Erizain britaniarrek Londreseko kaleak hartu dituzte "soldata duinen" eske
Astelehenean mediku juniorren txanda izango da. Hiru greba-egun egingo dituzte salatzeko, austeritate neurrien eta inflazioaren ondorioz, euren soldatak % 25 jaitsi direla.
EITB MEDIA
Erresuma Batuko erizainek Londreseko kaleak hartu dituzte larunbat honetan "soldata duinen" eske eta osasun sistema publikoaren alde. Aurrekaririk gabeko krisia bizi du azken hilabeteetan Erresuma Batuko osasun sistemak, milaka lanpostu bete gabe dituelako eta greba egiten ari direlako osasun arloko profesional anitzek.
Erosteko ahalmenaren galera eta soldaten jaitsiera salatu dituzte langileek, eta lan baldintzak eta herritarrei emandako zerbitzua kaskartzen joan direla.
Erizainek eta anbulantzietako langileek lanuzteak bertan behera utzi dituzte, Gobernua negoziatzeko prest agertu ostean. Astelehenean, berriz, mediku juniorren txanda izango da, hau da, espezialitatea oraindik ez duten medikuena. Hiru greba-egun egingo dituzte astelehen honetatik (martxoak 13) hasita. Mediku juniorrek salatu dute euren soldatak % 25 jaitsi direla, austeritate neurrien eta inflazioaren ondorioz.
Bizitza-kostuaren igoerak bultzatuta, soldaten igoerak eskatzen ari dira Erresuma Batuko alor desberdinetako beharginek, grebak ere eginda, hala nola, posta zerbitzuko nahiz osasun langileek.
2022ko abendura bitartean 843.000 lanegun galdu ziren Erresuma Batuan, greben eta lanuzteen ondorioz, Estatistika Bulego Nazionalaren datuen arabera, 2011ko azaroaz geroztik izandako kopururik handiena.