Mundua -
Polemika
Gary Lineker baztertzearen erabakiak kritika publiko ugari eragin ditu, BBC hankaz gora jarriz
"Match of the Day" saioko esatariek eta Premier Leagueko jokalariek kateari boikota egitea erabaki dute, Erresuma Batuko immigrazio politika kritikatzeagatik futbolari ohiaren inguruan sortutako polemikaren ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
BBC kate britainiarrak Gary Lineker berak aurkeztutako "Match of the Day" saiotik baztertzearen erabakiak lankideen elkartasun oldea eta programazioari boikot masiboa ekarri du. Horren inguruan, futbolaren mitoak Erresuma Batuko immigrazio-politikari buruz egindako kritikak kazetariei sare sozialetan iritzi politikoak emateko ezarritako debekua urratzen duela mantendu du kateak.
BBC-k ostiral honetan iragarri duenez, kateak Gary Lineker futbol-saioko aurkezlea alde batera uztea erabaki du bere adierazpen polemikoen ostean.
Futbolari ohiak mezu publikoak argitaratu zituen Twitter-en, Erresuma Batuaren immigrazio-politika kritikatuz eta erabilitako hizkera Alemania naziaren hizkuntzatzat hartuz. BBC-k jakitera eman duenez, hori ez dator bat kateak emandako gomendioekin; izan ere, kazetariek debekatuta dute sare sozialetan iritzi politikoak ematea eta inpartzialtasuna izatera behartzen ditu.
Iraganean, Linekerrek berak arazoak izan zituen sare sozialetan argitaratutako iritzi politikoengatik. Oraingoan, ordea, Erresuma Batuko migrazio-planari buruz duen ikuspegi politikoa ez da oharkabean pasatu, eta egindako azken jarduera honek enpresaren sare sozialei buruzko jarraibideak urratzen dituela ziurtatu du kateak.
Gary Linekerrek agur esan eta minutu gutxira, "Match of the Day" saioko protagonista gehienek kateak hartutako jarreraren aurka agertzea erabaki dute. Hori dela eta, Alan Shearer, Ian Wright edo Micah Richards bezalako futbolari mito eta kolaboratzaile ohiek ez dute larunbateko emanaldian parte hartuko.
Gainera, Premier Leagueko jokalariek ere boikota egingo diote kateari eta ez dute elkarrizketarik eman beharko, Ingalaterrako federazioak baieztatu duen bezala. Hala eta guztiz ere, programak aurrera jarraituko du.