Mundua -

Migrazioaren drama

Italiako kostazainek 1.400 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte azken orduetan

Itsas salbamendurako operazio handia zabaldu dute, ehunka pertsona zeramatzaten hiru ontzi handik hondoratzeko arriskua zutelako.

Migratzaileak zeramatzan ontziaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Migratzaileak zeramatzan ontziaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Migratzaileak zeramatzan ontziaren irudietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako kostazainek 1.400 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte azken orduetan Italiako uretan. Itsas salbamendurako operazio handia zabaldu dute, ehunka pertsona zeramatzaten hiru ontzi handik hondoratzeko arriskua zutelako.

Ontzietako baten zihoazen 500 migratzaile inguru 'Diciotti' salbamendurako ontzian eraman dituzte kostaldera. Bigarren ontzian zeuden 379 pertsona kostazainetako bi patruilari ontzietan eraman dituzte.

Horrekin batera, egoera txarrean eta hondoratze arriskuan ere zegoen arrantza-ontzi batean zihoazen 500 migratzaile baino gehiago erreskatatu ditu Italiako Itsas Guardiak Calabriako kostaldetik gertu.

'Rai'k jakitera eman duenez, Crotoneko Portu Agintaritzaren hiru patruilarik lagunduta, Crotoneko portura iritsi da migratzaileen ontzia 00:30ak aldera, tokiko orduan, eta Isola di Capo Rizzutoko harrera-zentroan daude migratzaileak dagoeneko.

'La Repubblica' kazetaren arabera, Libiatik ustez irtendako migratzaileen ontzia ostiral gauean atzeman zuen Frontexeko hegazkin batek. Alarm Phone GKEak hainbat bidaiarirekin hitz egin zuen, eta Twitter bidez zabaldu zuen: "Italiako Bilaketa eta Erreskate zonaldetik deitu digute, eta dagozkien agintariei jakinarazi diegu. Ezin dugu denbora gehiago galdu eta berehala lagundu behar diegu".

Aurreko hondoratzearen 74. biktima

Bestalde, otsailaren 26an Italiako hegoaldean izandako hondoratzearen 74. biktimaren hilotza aurkitu dute larunbat honetan Steccato di Cutroko kostalde parean: 5 urte inguruko neskato bat. Hortaz, 74 dira hondoratze horretan hildako migratzaile, eta horietako 30 adingabe ziren.

Hondoratze horien biktimetako gorpuak aurkitzen jarraitzen dute Italiako agintariek. Ontzian 200 migratzaile inguru zihoazen, gehienak Afganistanetik, Iranetik, Pakistanetik eta Siriatik etorritakoak. 80 bat bizirik atera ziren, eta 74ren gorpuak aurkitu dituzte, beraz, desagertu anitzen bila dabiltza oraindik ere.

Calabria parean hondoratutako ontziaren arrastoak. Argazkia: EITB MEDIA

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?