Mundua -
Emakumeen aurkako indarkeria
Milaka neskato gasarekin pozoitu dituzte Irango ikastetxeetan azaroaz geroztik
Larunbat honetan bertan, gutxienez 9 ikastetxeetako ehunka neskato ospitaleratu behar izan dituzte, gasa arnastegatik. Beldurra zabaldu da gurasoen artean eta, bien bitartean, herrialdearen "etsaiei" egotzi diete Irango agintariek pozoitze-olatu hori.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1.000 neskato baino gehiago euren ikastetxeetan nahita botatako gasarekin pozoitu dira azaroaz geroztik Iranen. Qom hiri santu txiitan hasi ziren gertakariak, eta Irango beste hirietara zabaldu da bereziki azken asteetan. Irango agintariek ez dituzte neskato kaltetuen kopuru zehatzik eman, ezta kaltetutako ikastetxe kopururik, eta nahita eragindako pozoitzea den ere ez dute argitu.
Larunbat honetan bertan, gutxienez 9 ikastetxeetako ehunka neskato ospitaleratu behar izan dituzte, gasa arnastegatik, baina ekintzaileek diotenez, kaltetutako ikastetxeak 40 dira, horien artean, Teheran, Shahriar, Pakdasht, Borujerd, Safadasht, Lahijan eta Rasht hirietako eskolak, alegia.
Beldurra zabaldu da gurasoen artean eta, bien bitartean, mezu kontrajarriak zabaldu dituzte Irango agintariek. Herrialdearen "etsaiei" egotzi diete pozoitze-olatua, eta emakumeen eskolak ixteko "nahita" eragindako erasoak direla esan zuen Younes Panahi Hezkuntza ministrordeak. Geroago, atzera egin zuen eta bere hitzak "gaizki ulertuak" izan zirela adierazi zuen.
Gazteak burukominak pairatu dituzte, bihotz-taupadak, zorabioak, goragaleak eta batzuetan, besoak eta hankak mugitzeko ezintasuna. Aurretik, laranja ustelaren eta garbiketa produktuen usaina atzeman dute.
Tentsio handia bizi du Iranek azken hilabeteetan, Mahsa Amini gaztearen heriotzaren ondorioz zabaldutako protestengatik. Belo islamiarra gaizki jarrita zeramala iritzita, Teherango Moralaren Poliziak atxilotu zuen eta, hiru egun egunera, hil zen Amini.
Ikastetxeetako emakumezko ikasleek protestetan parte hartu dute, beloak kenduta eta "emakume, bizitza eta askatasuna" oihuak botata. Gainera, Jamenei Irango buruzagiaren eta Jomeini ayatolaren argazkiak iraindu dituzte.