Mundua -

MIGRAZIOARI BURUZKO GOI-BILERA

MED5eko herrialdeek itsas-mugen zaintza indartzea eta jatorrizko herrialdeetatik irtetea eragoztea adostu dute

Italiako, Zipreko, Greziako, Maltako eta Espainiako Barne ministroek bilera egin dute gaur Maltan. Lehen aldia da Calabrian iragan igandean izan zen hondoratzeaz geroztik biltzen direla. Beste bi haurren gorpuak agertu dira azken orduotan.

MED5eko bileran parte hartu duten barne ministroak. Argazkia: Espainiako Gobernua
MED5eko bileran parte hartu duten barne ministroak. Argazkia: Espainiako Gobernua
MED5eko bileran parte hartu duten barne ministroak. Argazkia: Espainiako Gobernua

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako, Zipreko, Greziako, Maltako eta Espainiako Barne ministroek bilera egin dute gaur, larunbatarekin, Maltan, iragan astean Calabrian izandako hondoratzeaz zein Mediterraneo itsasoaren inguruko migrazio politikaz jarduteko, oro har.

Bileraren ondoren, agiria kaleratu du MED5 deituriko taldeak, lortutako adostasunen berri emateko. Hala, "legez kanpoko immigrazioaren aurkako neurri erabakigarriekin aurrera egitea" erabaki dute, hala nola mugako zaintza indartzea eta jatorrizko herrialdeetatik irtetea eragoztea, Europar Batasunean elkartasun-mekanismo berri bat martxan jartzearekin batera.

"Egungo mekanismoa motelegia, selektiboegia eta emaitza txikiegikoa da, eta, gainera, ezin dira aurreikuspenak egin", adierazi du Fernando Grande-Marlaska Espainiako ministroak, eta azaldu du beharrezkoa dela "birkokapenaren arloan" aurrera egitea, EBko Migrazio eta Asilo Ituna "bidezkoa eta eraginkorra" izan dadin.

Mediterraneoko herrialdeen jarrera bateratua argi geratu da bileraren amaieran argitaratutako komunikatu luzean. Oharra hasteko, joan den igandean Calabriako kostaldean izandako hondoratzea gogoratu dute. Ezbehar hartan, gutxienez 70 pertsona hil ziren.

"Ahalegin handiagoa egin behar dugu migrazio irregularra eteteko, pertsonak itsasoan hiltzea saihesteko, bai eta trafikatzaileen kontra ere. Prebentzio-ahaleginak jatorrizko eta igarobide diren herrialdeekin egin behar dira, lankidetzan, Turkia barne", irakur daiteke dokumentuan.

Mugetako zaintza indartzearen alde egin dute bost herrialdeek baita jatorrizko herrialdeetatik irtetea zailtzeko ere. Halaber, "bilaketa eta salbamendu-operazioak estatu kideen eskumen esklusiboa" direla gogorarzi dute; nolabait, abisu bat edo emanez Mediterraneoan erreskateak egiten dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeei.

70 dira dagoeneko Calabriako hondoratzean hildako pertsonak

Italiako agintariek beste bi umeren gorpuak aurkitu dituzte azken orduetan, 3 urteko haur batena eta 12-13 urte inguruko beste batena. Horiekin 70 dira iragan igandeko hondoratzean hildako pertsonak; horietatik 16 adingabeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Espainia Grezia Eguneko albisteak Albisteak Italia Naufragioak Malta Mediterraneo itsasoa